Goizean zehar garbitu dira auzo eta baserri bidetara haizeak bota dituen arbola eta adarrak
Garayko teilatuko xafla bidegorrian (Arg: Goiena) |
2017/02/13
Bidegorria eta gainerako errepideak irekita daude
Atzo goizetik indarrean ibili den haizeak eragin dituen arazoak konponbidean daude. Urrexolatik egindako deia da udaltzaingoan jaso duten azkena. Han ere, haize boladek hainbat zuhaitz apurtu eta errepidera jausteko arriskuan daudeneko abisua jaso dute. Horiek erretiratzen saiatuko ei dira bihar goizean.
Udaltzainak eta udal brigadako langileak hainbat auzo eta baserri bidetara bidera jausitako arbolak eta adarrak erretiratzen eman dute eguna. Irubieta eta Ugarkaldeko etxebizitzen arteko bidexka itxita egon da hiru arbola jausita zeudelako. Olabarrieta auzoan, Auntzola baserrira doan errepidean jausita zegoen arbola erretiratu dute eta Zañartun, Upain baserritik San Julianera doan errepidean, Torreauzotik Madalenara doan bidean eta anbulatorio aldamenean ere, hainbat zuhaitz eta jausteko puntuan zeuden adarrak kendu behar izan dituzte. Olakua eta San Martin auzuneen arteko Aldakiñoko bideak garbitu dira baina ez guztiz. Aldakiñoko zuhaiztian hainbat arbola oinezkoen bideetara jausi dira eta beste batzuk, apurtuta eta jausteko puntuan daudela egiaztatu dute udaltzainek. Hormigoiztatutako bidearen gainera ere hainbat zuhaitz eta adarrak jausi dira eta egurrezko hesia bi puntutan apurtu dute. Horregatik, bidea itxi da eta dagoen arriskuaren berri ematen duten kartelak jarri dira bai Natur eskola parean eta baita San Martin aldean ere. Horrelakoetan ohikoa denez, San Martin eta Santa Lutziako zuhaiztietan arramak jausteko arriskua dagoela jakinaraziz kartelak jartzen dira. Lazarraga jauregiko lorategia ere itxita dago. Goizean zehar itxita egon da baita ere bidegorrirako sarrera, Kasablankan. Haizeak, Juan de Garay enpresako teilatuaren xafla bat apurtu eta bidegorriraino eraman du. Bidegorriaren mantentze lanez arduratzen diren teknikariek ingurua garbitu eta bidegorria berriro ireki dute. Baina arbolak eta arramak ez ezik, teilak, kristalak, pertsiana batzuk eta bestelako objektuak ere eraman ditu haizeak. Baita, atzo ilunkaran atera ziren hondakin organikoen kubo eta tapa ugari ere.
Bart, haizeak 100-120 km/h-ko indarra hartu du gurean. Orduek aurrera egin ahala ordea, indarra galtzen joan da.
Haizeak eragindako kalte horiei apurtu diren hainbat seinale batu behar zaizkie. San Lorentzon, Ugarkalden, Lazarragako bidegorrian, Bidaurreta inguruan eta Aita Madina kalean hainbat seinale, zutikako seinale botata agertu dira. Kale Zaharra eta Kale Barriako gas tapa asko ere apurtu dira. Kasu honetan ez da haizearen eraginez izan. Norbaitek, edo norbaitzuek, nahita apurtu dituztela uste da. Larunbatean auzoetatik santa eskean ibili ziren kinttoak susmopean daude, baina udaltzaingoak ez du eurak izan zirenaren frogarik.
Iturria: Oñati Irratia
No hay comentarios:
Publicar un comentario