Buscar este blog

martes, 11 de julio de 2023

JATURABE IX KOBAN 6. INDUSKETA -KANPAINA.

2023/07/10.

6. indusketa kanpaina hasi dute Jaturabe IX koban EHUko ikerlariek.




Erdi Paleolito garaiko aztarnak topatu dira koban, Araotz bailaran orain arte topatutako zaharrenak

  Naroa Garcia eta Ekaitz Arrieta historia lizentziatuek 2018an hasitako ikerketa bidea jarraitzen ari dira Jaturabe IX deritzon koban. Aurreko kanpainetako indusketa lanetan Erdi Paleolito garaiko geruzetara iritsi ziren, orain 40.000 urte baino lehenagoko geruzetara, eta aurtengo helburua sakontzea da eta kobaren haitzera iristea, ahal den neurrian.

  Iaz indusketa eremua zabaldu zuten Jaturabe IX koban eta aurten, geruza zaharragoetara iristen saiatuko dira. Baina dagoeneko baieztatu daiteke Araotzeko bailaran orain arte topatu diren aztarnarik zaharrenak aurkitu direla bertan, gure espeziearen aurrekoari dagozkionak, hau da, homo neanderthalensis-ek utzitakoak. Eta horren haritik beste bi zehaztasun egin behar dira: Araotzen industu gabeko hainbat koba daudela, beraz, aztarna zaharragorik aurkitu daitekeela oraindik, eta  Jaturabe IX ez zela etengabe asentamendu gisa erabili, tarteka bai, baina ez zen modu jarraian erabilitako bizilekua. Hori, bereziki, orain arte topatu den materiala zein mailatan eta maiztasunez agertu den ikusita esan daiteke. Zeramika puskak eta Paleolito garaiko beste material batzuk topatu dira, baina ez jarraian dauden geruzetan.

  Araotz bailarako beste koba batzuk industea garrantzitsua litzateke bailara pasabide ote zen egiaztatzeko, jakina baita, Debagoiena Paleolito garaiko autopista zela, hau da, ohiko pasabidea zela. Ez da beraz hain harrigarria pentsatzea Lezetxiki eta Labeko kobak dauden bailararekiko paraleloa den Araotzekoa ere kostaldea eta barrualdea komunikatzen zituen pasabidea zela garaiko gizakiarentzat.

  Jaturabe IX koba bereziki oparoa gertatzen ari da industria litikoan, hau da, harrian landutako lanabes eta bestelako aztarnetan; zeramika puskak ere agertu dira. Gaur hasi eta uztailaren 28ra arte luzatuko den seigarren kanpaina honetan zer topatuko ikusteko dago.

  Jaturabe IX koban egiten ari diren lanok EHUk eta Oñatiko Udalak duten lankidetza hitzarmenaren baitan kokatzen dira eta Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren finantzazioa dute. Naroa Garcia eta Ekain Arrieta dira indusketaren zuzendariak.

Iturria: Oñati Irratia



No hay comentarios:

Publicar un comentario