Buscar este blog

miércoles, 26 de abril de 2023

ESTEBAN URZELAIK ZUZENTZEN DUEN SUHAR ABESBATZA HIRU SARIREKIN ITZULI DA ESLOVENIATIK, TARTEAN ZUZENDARI ONENAREN SARIA.

GOIENA

Esteban Urzelai oñatiarrak zuzentzen duen Suhar abesbatzak 2. saria eta publikoarena eskuratu ditu Eslovenian, Mariborreko 17. Gallus Nazioarteko Abesbatza Lehiaketan. Urzelaik, gainera, Gallus musikariaren partitura baten zuzendaritza eta interpretazio onenaren saria ere jaso du.

2018an sortu zuten Suhar gizonezkoen abesbatza eta kide dira lau debagoiendar. Abesbatzako zuzendari da Esteban Urzelai oñatiarra eta abeslari, Aitor Garitano bergararra eta Txomin Maidagan eta Inazio Olaizola arrasatearrak. Suhar Esloveniako Maribor hiriko abesbatzen lehiaketan izan da joan den asteburuan, eta ez da esku-hutsik itzuli. Abesbatzarendako lehen lehiaketa zen eta "oso pozik" etorri dira lortutakoarekin. "Nazioarte mailako gure lehenengo konpromisoa zen, eta ez genuen inondik inora halakorik espero", dio zuzendari Esteban Urzelaik lortutakoaz galdetuta.  "Asko disfrutatu dugu saio guztietan eta helburua hori zen. Gero, sariak jasota, pozez zoratzen gaude", gaineratu du.

Abesbatzako 35 kideak, Esloveniako, Letoniako, Puerto Ricoko, Irlandako, Italiako, Suediako eta Indonesiako beste 7 abesbatzarekin lehiatu dira. Suediako Zero8 gizonezkoen abesbatza izan da lehiaketako irabazle, eta Esloveniako Megaron koruak lortu du hirugarren postua. "Suediako Zero8 abesbatza erreferente bat da, eta niretzat bereziki. Suhar sortu genuenean nire ametsa zen egunen baten haiek bezala abestu ahal izatea eta lehiaketan euren atzetik gelditu izana, haiengandik 1,7 puntura, sinestezina iruditzen zitzaidan. Zero8 abesbatza abesbatza perfektua da".

Esteban Urzelai, zuzendari onena

Lehiaketako bigarren sariaz gain, publikoarena eskuratu dute eta, Esteban Urzelaik, Jacobus Gallus konpositorearen obra baten zuzendaritza eta interpretazio onenaren saria ere jaso du. "Horrelako sari bat zuzendari batentzat oso berezia da, adierazten baitu garai eta estilo horretako musika ulertzen duzula eta partitura horrekiko egin duzun irakurketa epaimahaiari gustatu egin zaiola", dio Urzelaik.

Hiru eguneko lehiaketa

Ostiralean izan zuten lehen emanaldia, lehiaketaz kanpoko folklore saioa. Bertan, albistean entzungai den Goizeko izarra, Junkal Guerreroren Mutil txaleko gorri eta Aita Madinaren Beti eskama kentzen abestu zituzten.

Larunbatean izan ziren lehiaketako bi saioak. Nana Forteren obra derrigortua, Gallus konpositorearen aukerako obra, eta Mendelssohn, Strauss edo Poulenc bezalako konpositoreen musika eskaini zuten euskaldunek. Euskal Herriko musika ere ez zen falta izan, Eva Ugalderen “Ave maris Stella” abestu baitzuten.

Larunbateko 5 abesbatza onenak igandeko final handirako sailkatu ziren, tartean, Suhar, eta domeka goizean euren onena ematera igo ziren taula gainera, Sorgin dantzaSayareh eta Xabier Sarasolak berriki taldearentzat konposaturiko Ipar haize hotz zuria eskaini zituzten. Amaia Zipitria pinao-jotzailea izan zuten lagun.

 





No hay comentarios:

Publicar un comentario