2023/03/13.
Aitziber Fernandez Azurmendi PSE-EEren alkategaia izango da berriro.
"Oñatiarren bizi-kalitatea hobetzeko" asmoz aurkezten dela adierazi du
Aitziber Fernandez Azurmendi Oñatiko alkatetzarako hautagai dela jakinarazi du PSE-EEk, prentsa ohar bidez. Ilusioz eta arduraz aurkezten da Fernandez, era progresistan Oñati eraldatzeko asmoz. Herritarren bizi-kalitatea hobetzea helburu duen proiektu bat duela adierazi du, eta proposamen zehatz eta egingarriak dituela etorkizuneko erronkei eraginkortasunez aurre egiteko. Oñatiko PSE-EEren zerrendaburu aurkezten da argi duelako Oñatik, herri gisa gehiago merezi duela eta PSE-EEk aniztasuna, bizikidetza eta egonkortasuna bermatzen dituela.
Bigarren aldia da Aitziber Fernandez Oñatiko alkatetzarako hautagai dela eta sozialistek Udalean galdutako ordezkaritza berreskuratzeko lan egiteko konpromisoa hartu du. Aitziber Fernandez Azurmendi 47 urteko oñatiarra da, artearen historian lizentziaduna eta Gasteizko Michelin lantegiko langilea. Gasteizko Mendoza eta Oñati artean bizi da eta jaioterrian ematen ei ditu asteburu gehienak. Horrek, udalerriaren errealitatera oso lotuta jarraitzeko bidea ematen diola esan du.
Aitziber Fernandez Oñatiko alkatetzarako azaldu den laugarren hautagaia da. Aurrez, EH Bilduk Izaro Elorza aurkeztu zuen, ondoren EAJk Amaia Erostarbe, PPk Ricardo Guisado eta asteburuan, PSE-EEk Aitziber Fernandez Azurmendi aurkeztu du. Oraingoz udal hauteskundeetarako lau zerrendabururen izenak eman dira, zerrendak osatuko dituzten gainontzekoenak datozen egun eta astetan jakinaraziko dira.
Iturria: Oñati Irratia
No hay comentarios:
Publicar un comentario