Buscar este blog

viernes, 1 de septiembre de 2017

Aitor Arregi Galdos.

GOIENA

Aitor Arregi Galdos ('Handia' film luzeko zuzendaria): "Istorioa modu errealean kontatzea da asmoa"

   KULTURA  OÑATI
Irailaren 22an hasiko den 65. Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean aurkeztuko dute Loreak filma egin zuen lantaldearen azken lana: 'Altzoko Erraldoia'-ren istorioa. 2016ko apirilean hasi zen Moriarti Ekoiztetxea Handia filma errodatzen. Aitor Arregi Mondragon Unibertsitateko irakasle eta zinemagile oñatiarrak eta Jon Garañok zuzendu dute. Nekatuta daudela aitortzen duten arren, pozik daude emaitzarekin.
Aitor Arregi Galdos ('Handia' film luzeko zuzendaria): "Istorioa modu errealean kontatzea da asmoa"
Aitor Arregi eguaztenean, Donostian. Argazkia: Xabi Berzosa |  
Zelan doaz azken joste-lanak?
Gerorako geratu diren gauzatxo horiek ixten ari gara. Batetik, soinu nahasketekin ari gara; soinua beti bukaerarako ixten da, irudia guztiz bukatuta dagoenerako. Efektu bereziak direla-eta, nahiko zalaparta izan dugu, baina katearen azkeneko zatian gaude, bai.
Efektu bereziak ziren erronka nagusietako bat. Zer moduz?
Pozik gaude; erronka nagusietako bat zen, bai, efektuen bitartez lortu gura genuen filma sinesgarria izatea. Alde batetik, erraldoiaren figura dago, eta horrekin pozik gaude; grabazioan egin daitezkeen trukoak ditu, batetik, eta efektu bereziekin egindakoak, bestetik. Eta, era berean, XIX. mendeko giroa ere irudikatu behar genuen. Eta horrekin guztiarekin istorio errealista bat lortzea zen helburua. Orokorrean, fantasiako filmetan ez da inporta efektuak agerian agertzea, baina, kasu honetan, kontakizuna ahalik eta errealen geratzea da ikuspuntua.  Ez da fantasiazko mundu bat,  XIX. mendeko istorio bat baizik;  hortaz, efektuak sartu behar dira efekturik ez dagoela erakusteko, eta hori da zailena.
Eta horretarako aukeratu duzue User T38 etxea. Zeintzuk dira?
Madrilgo enpresa bat da, hemen ez dago horrelakorik; hango bazkidetako bat Lasarteko mutil bat da, eta harreman ona izan dugu. Behar izaten den moduan, elkarrekiko pazientzia handia izan dugu.
Musikari dagokionez, Loreak-en moduan, Pascal Gaignerekin ari zarete. Zelan moldatu zarete?
Aspaldiko ezaguna da guretzat, ia betidanik ibili gara harekin lanean; horrek lagundu egiten du, azken finean, konfiantza batetik abiatzen zarelako. Hor badago fase bat ajuste fasea esaten zaiona; hau da, berak filma ikusi ondoren proposamen bat egiten du eta eztabaidatu egiten dugu gero. Hori da, agian, gauzarik zailena, ajustean gauzak adostea. Behin hori eginda, ibilbidea samurragoa da. Pascal garantia bat da, badakizu egingo duen musika oso ondo egongo dela, eta sekulako lasaitasuna ematen dizu horrek. Pozik gaude musika emaitzarekin.
Orokorrean, hortaz, itxura ona hartzen diozula dirudi.
Orokorrean, pozik nago emaitzarekin, baina gertatzen dena da oso kutsatuta ere banagoela; izan ere, auskalo zenbat bider ikusi dudan filma osorik; 200 aldiz? Batek daki! Zure ikuspuntua ahuldu egiten da eta ikusle arrunt batek ikusiko ez dituen gauza asko ikusten dituzu. Nire aurreko lanekin, urte batzuk behar izan ditut modu objektiboan ikusi ahal izateko. Hala ere, pozik nago, baina, aldi berean, urduri ere bai, jendearen erantzunagatik. Jendeak espektatiba handiak ditu, bi aldetatik: Loreak-en atzean zegoen taldearen hurrengo lana da, eta hark sortu zuen zaratak eragin du espektatibak sortzen; eta horretaz gain, Altzoko Erraldoia-ri buruzko istorioa da, pertsonaia ezaguna, XIX. mendekoa... Kuriositatea piztu duela dirudi. Horrek guztiorrek ilusioa eta urduritasuna sortzen dizu.
Abuztuaren 23an aurkeztu zenuten filmaren aurrerapena. Zelako feedbacka jaso duzue?
Hasiera batean, ona; orokorrean, iritzi ona. Batzuek esan digute gutxi erakusten dugula eta misteriotik jotzen dugula... Motela dirudiela ere esan digute. Hasierako teaser-trailer bat da, eta asmoa da hemendik aste pare bat barru beste bat botatzea, beteagoa. Teaser-a pentsatu dutenek –zuzendariak ez gara lan horretan ibili– asmatu egin dute informazioa ematen; asko erakutsi barik, aperitiboa da.
Irailaren 22an hasiko da Zinemaldia. Ze asmorekin zoazte?
Oraindik ez digute zehaztu zein egunetan izango den gure aurkezpena, baina, duda barik, ohorea da Zinemaldian egotea: horrek bermatzen dizu foku bat egongo dela horrenbeste esfortzu eskatu dizun proiektuan; izan ere, ikaragarria da zenbat film dauden apenas oihartzunik izaten ez dutenak gero; beldur hori izaten duzu filma egiten ari zarenean. Zinemaldiko esperientzia oso polita izan zen; kasu hartan, zuzendari lanetan beharrean, atzeko lanetan ibili nintzen. Sinatuko nuke antzerako bizipenak errepikatzea. Loreak-ekin ez genuen saririk irabazi, baina indartuta atera zen, eta horrek lagundu zion geroko ibilbidean.
Aurrez Zinemaldian egon izana lagungarri izango da, ezta?
Esperientzia bat ematen dizu, badakizu zer egin zen ondo, zer ez... Abiapuntu bera izateak paralelismoetara bultzatzen zaitu, baina oso film ezberdinak dira. Talde bera dago, baina generoa, garaia... bestelakoak dira. Hain justu, hori da bilatu duguna, aurrekoa apurtzea.
Zinemaldiaz gainera, baduzue beste jaialdi batzuetarako asmorik?
Loreak-ekin moduan, banaketa etxe bat hartu dugu, eta orain hasi da erakusten; hortaz, ez dugu oraindik datu zehatzik, baina, dirudienez, harrera ona izaten ari da. Loreak bezala, Handia ere, gehienbat, jatorrizko bertsioan –euskaraz– mugitzeko asmoa dugu, Espainian bikoiztu egingo duten arren.

No hay comentarios:

Publicar un comentario