Buscar este blog

lunes, 11 de septiembre de 2017

Xabi Lete eta Beñat Madariaga.

OK MAGAZINEA

2017-09-11 14:16:43
TRAIL2HEAVEN ETA CANFRANC-CANFRANC LASTERKETAK IRABAZI DITUZTE
Garaipen-zerrenda estreinatu dute asteburuan, Xabi Lete eta Beñat Madariagak
Xabi Lete eta Beñat Madariaga mendi lasterkariek, euren kirol ibilbideko lehen garaipena lortu dute asteburuan. Letek Benaskeko bailaran jokatu zen Trail 2 Heaven 48 kilometroko proba irabazi zuen larunbatean, eta egun berean, baina kasu honetan, Aragoin, Canfranc-Canfranc lasterketa motzeko (16 km.) korrikalari azkarrena izen zen Madariaga.

2017ko irailaren 9a berezia izango da betirako Xabi Lete eta Beñat Madariaga oñatiarrentzat. Biek ala biek, egun horretan estreinatu baitzuten euren ibilbideko garaipen-zerrenda. Bata zein bestea, maila oso onean ibili dira azken urteetan. Eta proba askotan sailkapen nagusiko onenen inguruan ibili badira ere, garaipenik lortu gabe jarraitzen zuten. Baina hori ere historia da dagoeneko.

Benaskeko Trail 2 Heaven izeneko lasterketa eraman zuen larunbatean Letek. 48 kilometro eta ia 2600 metro positiboko ibilbide gogor bati aurre egin behar izan zioten lehiakideek. Ibilbidearen berezko zailtasunari, eguraldi baldintza gogorrak gehituz gero, egun benetan gogorra izan zuten korrikalariek. Los Llanos de Hospitaleko eski estazioan abiatu zen eta probako lehen kilometroetatik nabarmendu zen oñatiarra. Carlos Sánchez-ekin batera, lasterketa burua partekatu baitzuten uneoro. Batzuetan bat aurreratzen zen, eta beste batzuetan bestea, baina amaiera arte ez zen ezer erabaki.

Sanchezen erritmo aldaketei erantzun gabe, atzetik, baina indartsuago iritsi zen Lete lasterketako une erabakiorrera eta azken kilometro horietan, freskotasun handiagoa erakustiz, lau minutuko aldeaz iritsi zen bakarrik, helmuga puntura. 5:30:19 osatu zuen ibilbidea txantxikuarrak. Carlos Sánchez izan zen bigarrena (5:34:28) eta podiuma Javier Rodrigok osatu zuen (5:43:54).

Hemen, Xabi Leteren balorazioa:

Beñat Madariagak ostera, Canfranc-en estreinatu du bere palmaresa. Lasterketako modalitate motzenean (16 km.), eguneko gizonik azkarrena izan zen. Asteburuko egitarauak beste lau lasterketa gehiago ere eskaintzen zituen. 100 edo 70 kilometroko ultra bana, maratoi bat eta jaitsiera bertikal bat.

Proba hasieratik nabarmendu zen Madariaga, aurrez aipaturiko 16 kilometroko lasterketan. Canfrac-eko tren geltokian hasi eta amaitzen zen ibilbidea eta besteak beste, Moleta gaina (2.572 m.) gainditu behar izan zuten korrikalariek. Goranzkoan distantzia hartu zuen eta beherazkoan ondo kudeatu zuen abantaila oñatiarrak. 2:08:44 segundutan iritsi zen helmugara Madariaga eta 24 segundu eskas atera zizkion helmugan Oscar Rabal bigarren sailkatuari (2:09:08). Podiuma Daniel Moreno de Los Huertosek (2:19:39) osatu zuen.

Hemen, Beñat Madariagaren balorazioa:
Lete eta Madariaga asteburuan protagonista izan dira

No hay comentarios:

Publicar un comentario