2017-07-27 10:35:27
MIKEL UGARTE 35. BANYOLESEN ETA IKER ARKAUZ 6. BERE KATEGORIAN NIZAN
Lan ona egin dute Oñatiko triatletek, Espainiako txapelketan eta Nizako Ironmanean
Uztaileko azken aurreko asteburuan ospatu diren proba ezberdinen artean, Espainiako Triatloi txapelketa eta Nizako Ironmana nabarmendu nahi ditugu. Bata zein bestean lehiatu dira oñatiarrak, eta orokorrean, oso emaitza onak lortu dituzte. Mikel Ugartek esaterako, elite mailako 35. postua lortu zuen Banyolesen eta Iker Arkauzek, Ironmaneko debutean, 6. amaitu zuen bere kategorian, Nizan.
Larunbat eta igandean zehar, Espainiako Triatloi eta Akuatloi txapelketak jokatu dira Banyolesen (Katalunia). Sprint distantziako probak izan dira eta Elite mailan, Mikel Ugartek lan bikaina egin zuen. Estatuko espezialista onenen artean, 35. postua lortu baitzuen larunbatean triatloian, eta 20.ena izan zen igandean akuatloian.
Bi egunetan lehiatu bazen ere, Triatloia zen Ugarteren helburu nagusia. Uretako partzialean lehen taldetxoa oso gertu eraman zuen uneoro, baina zoritxarrez, ezin izan zuen harrapatu. Hori horrela, bizikletako 20 kilometroetan bere erritmoa mantendu, eta korrikako azken bost kilometroetan partzial oso ona eginda, 35. postuan amaitu zuen lasterketa. Oñatiarrak 00:55:50 osatu zuen ibilbidea, Rostyslav Pevtsov garailearengatik hiru minutu eta bost segundutara. Emaitzak balio handia dauka, era honetako txapelketetan, goi mailako triatleta profesionalen aurka aritzen baita kasu askotan, Ugarte.
Ormaetxea junior mailan
Ugarte baina, ez zen Banyolesen lehiatu zen txantxikuar bakarra izan. Beñat Ormaetxea Aloña Mendiko triatleta gazteak ere, aurrenekoz parte hartu baitzuen tamaina honetako txapelketa batean. Ormaetxeak 64. postuan amaitu zuen junior mailako lasterketa, Alberto Gonzalez garailearengatik bederatzi minutu eta hogeita hamazazpi segundutara.
Arkauz Nizako Ironmanean
Bestalde, Antxintxika triatloi taldeko Iker Arkauz oñatiarrak, Nizako Ironmana osatu zuen igandean. 23 urte soilik izan arren, triatloiko distantzia gogorrenean, finisherizatea lortu du. Estreinekoa izateko, emaitza benetan aipagarria lortuz gainera.
10 ordu 45 minutu eta 58 segundutan amaitu zuen lasterketa eta sailkapen orokorrean, 110 postuan (2.300 parte-hartzaile) iritsi zen helmugara. Partzialak hauetxek izan ziren: Igeriketan (3,8 km.) 1:04:01, bizikletan (180 km.) 5:33:43, eta korrika (42,2 km.) 4:00:07. Bere kategoriako atleten artean -18 eta 23 urte-, seigarren postua lortu zuen oñatiarrak. Niza aldean bizi izandako esperientzia, «oso positiboa» izan dela aitortu digu Arkauzek
Ugarte eta Arkauz, asteburuko probetan. Argazkiak: Jose Bonilla eta Ironman Niza. |
No hay comentarios:
Publicar un comentario