Buscar este blog

martes, 3 de enero de 2017

Txinparta Bertso Eskola .

goiena

Txinparta Bertso Eskola izena izango du aurrerantzean Oñatiko Bertso Eskolak

Miren Arregi 2017-01-03 14:07  OÑATI BERRIAK
Jose Mari Agirrebengoa Txinparta zenaren omenez eta oroimenez, Txinparta izena izango du aurrerantzean Oñatiko Bertso Eskolak. Bertso eskolaren sorreran orduko kultur teknikari zenak egin zuen lana goraipatu gura izan dute horrela. Errege bezperako bertso saioan aurkeztuko dizkiete herritarrei izen eta irudi berria.
Legeak hala eskatuta, elkarte moduan eratu behar izan du bertso eskolak eta ondorioz izen bat asmatu beharra zegoen. Ez dute zalantzarik izan: "Jose Marik ekarpen handia egin zion bertso eskolari eta beharrezkoa zen hari bere izena ipintzea", adierazi du Isidro San Migelek, bertso eskolako sortzaileetako batek.

Aurten 34 urte

1983an sortu zuten Oñatin bertso eskola. Isidro eta Xabier San Migel, Benito Barrena, Emilio Urzelai eta Jose Mari Agirrebengoa Txinparta zena aritu ziren jardun horretan: "Txinpartak kultur etxean lan egiten zuen eta bera zen bertso eskola sortzeko egin behar ziren lanak, idazlanak eta abar, egiteko prestatuen zegoena. Gurekin batera hasi zen eta lan borobila egin zuen bertso eskolaren inguruan", gaineratu du San Migelek.
Aipatutako boskoteari Daniel Agirre batu zitzaion bizpahiru urtera eta guztien artean lortu zuten aurten 34 urte beteko dituen bertso eskolaren oinarri sendoak ezartzea. Kultur etxean gelditzen hasi ziren hasieran. Bat batekoan aritzeak prestaketa gehiago eskatzen zuela-eta, baserritarren elkartean batzen hasi ziren ondoren.
Esandako moduan, bertso eskolari Txinparta izena ipintzearekin, eskolaren sorreratan kultur teknikari zen Jose Mari Agirrebengoa zena omendu gura izan dute. Gaurko aurkezpenean, baina, hura goraipatu bai, baina gainerako sortzaileen lana ez dute ahaztu gura izan: "Horrenbeste errekonozimendu merezi dute gainerakoek ere; Isidrok, Xabierrek, Benitok, Emiliok eta Danielek ere bai", esan du bertso eskolako kide Iñaki Olaldek.

Irudia ere, berria

Izen berriarekin batera, irudia ere sortu du bertso eskolak. Mirari Sagarzazu bertso eskolako kideak egin du hori. Adierazi du, Txinparta izenak bera, "Jose Mari oroitzeaz gain, baduela sormenarekin ere zerikusia" eta hori dela irudi berriaren abiapuntua: "Sua sortzeko txinparta behar da eta bertsoa sortzerakoan hasierako txinparta hori baldin baduzu, ondorengo guztia errazagoa da".

60 lagunetik gora

50 bat pertsonak osatzen dute une honetan Txinparta Bertso Eskola. Adin guztietako jendeak. Hor dago helduen taldea eta baita gazteen lau talde ere. Urtarrilean, gainera, beste bi talde berri hasiko dira eskolak hartzen. "Eskoletan egiten ari garen Gu ere bertsotan programari esker beste 20 bat neska-mutiko batuko dira laister bertso eskolara".

Errege bezperako saiorako sarrerak salgai

Dakizuen moduan, eguenean, hilaren 5ean bertso saioa egongo da Zubikoa kiroldegian. Andoni Egaña, Oihana Iguaran, Sustrai Colina, Sebastian Lizaso, Andoni Goitia eta Urko Arregi arituko dira bertan. Sarrerak salgai daude Txokolateixan. Sarrerak 10 euro balio du, 16 urtetik beherakoendako 8 euro. Txinparta Bertso Eskolaren irudi berria bertso saioan aurkeztuko da.

No hay comentarios:

Publicar un comentario