Buscar este blog

sábado, 28 de enero de 2017

MIREIA MUGARZA ETA ITZIAR GARCIAK ESPERIENTZIAREN BERRI EMAN DIGUTE.

OK MAGAZINEA
Mugarza eta Garcia igandeko partiduetako batean. Argazkia: Olaia Arregi
2017-01-27 08:20:11
MIREIA MUGARZA ETA ITZIAR GARCIAK ESPERIENTZIAREN BERRI EMAN DIGUTE
Oñatiko bikote bat, Emakume Master Cup txapelketan
Historia eginez hasi zen igandean Laboral Kutxa Emakume Master Cup pilota txapelketa. Lehendabiziko aldiz jokatu baita Gipuzkoan, emakumeen esku-pilota txapelketa bat. 77 pilotarik eman dute izena eta tartean aurkitu ditugu, Mireia Mugarza eta Itziar Garcia oñatiarrak. Dagoeneko kanporatuak izan badira ere, Zestoan bizi izan zuten esperientziaren berri eman digute.

Iganden estreinatu zen Laboral Kutxa Emakume Master Cup pilota txapelketa, Zestoako Gurutzeaga pilotalekuan. Gurean egiten den lehenengo emakumeen esku-pilota txapelketa izan da. Binakako modalitatean eta herrialde ezberdinetatik etorritako 77 pilotarik eman dute izena harrera bikaina izan duen lehen ekitaldi honetan eta bertakoez gain, Katalunia, Andaluzia, Kuba eta Mexikar bat ere ari dira lehiaketan. Harmailetan ikusmin handia piztu zuen asteburuko estreineko jardunaldiak.

Mailaren arabera, elite eta lehen mailako kategoriak ezberdindu dituzte antolatzaileek eta igandean esaterako, hiru bikotez osaturiko lau multzotako 12 partiduak jokatu ziren. Multzo bakoitzeko onenek aurrera egin zutelarik.

E multzoan

Mireia Mugarza eta Itziar Garcia oñatiarrak, E multzoan lehiatu ziren. Lehen partiduan 18-13 eta bigarrenean 18-15 galdu ostean, dagoeneko txapelketatik kanporatuak izan dira. Bikoteak OK Magazineari jakinarazi dionez, «oso esperientzia polita» izan da asteburukoa.

Abenduan eman zuten izena eta 3 entrenamendu eginda aurkeztu ziren txapelketara. «Pilotan oso gutxi jokatzen dugula nabaritu zitzaigun. Besteek maila hobea zeukaten baina partiduetan, fisikoak baimena eman zigun bitartean, lehiakorrak izan ginela uste dugu» diote.

Dei berezia

Emakume Master Cup-ek aurrera jarraitzen du eta martxoa bitartean asteburuetan jokatuko dituzte partiduak. Oñatiarrak baina, lehia gehiagoren gosez gelditu dira. «Oso motza egin zaigu. Bi partidu soilik izan dira eta pena da gehiago jokatzeko aukerarik ez izatea». Horregatik, era honetako ekimenak txalotu egin nahi dituzte txantxikuarrek.

Eta bide batez, herriko emakumeei dei berezi bat ere egin nahi izan diete: «Oñatin badago zaletasuna emakumeen artean. Herriko txapelketan aurten sei bikote aritu ginen eta iruditzen zait aurrera begira, zifra hau handitu egin daitekeela» diote.

Txapelketako gora-beherak, eta orokorrean aurrera begira izango dituzten erronketaz ere hitz egin dugu bi pilotariekin. Hemen daukazue elkarrizketa osoa entzungai:

No hay comentarios:

Publicar un comentario