Buscar este blog

miércoles, 21 de junio de 2023

IKASTURTE AMAIERAKO EKITALDIA EGIN DA GAUR ARTZAIN ESKOLAN.

2023/06/21.




10 gaztek jaso dute diploma eta artzain makila

  Gomiztegiko Artzain eskolako XXVI ikasturteari amaiera eman zaio. Hamar ikaslek, zortzi mutil eta bi neskek, diploma eta makila jaso dute. Aurrez, Ane Garziandia eskolako koordinatzaileak ikastaroaren balorazioa egin du, eta ondoren, ikasleek berea egin dute. Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako Sailburuordea ere Arantzazun izan da, eta eskolak Euskadin artzaintza bizirik mantentzeko eta latxa ardi arraza kontserbatzeko helburuz lanean diharduela azpimarratu du, tradizioa gorde eta digitalizazioa, ekoizpen ekologikoa edota terapia alternatiboak barneratuz.

  Arantzazuko Artzain eskola estatu mailan erreferente bihurtu da ahuntzen eta ardien arloko formakuntzan. Hezkuntza eredua berrikuntza pedagogikoan eta teknologia aplikatuetan oinarritzen da eta produkzio prozesuak ingurumenarekiko arduratsuak dira. 2021ean ikastaroa 9 hilabetera luzatzea erabaki zen, formakuntza praktikoa indartu eta ikasleei ardiaren ziklo osoa bertatik bertara ezagutzeko aukera emateko. Arantzazun 300 pertsona baino gehiago trebatu dituzte jada eta horietako askok artzaintzan jarraitzen dute, egun.

  Goizean Artzain eskolako diploma jaso duten hamar lagunetatik zazpi 30 urtetik beherakoak dira, eta lauk oraindik ez dituzte 20 ure bete. Zifra horiek Euskadiko ardi- eta ahuntz-sektorea gaztetzeko eta belaunaldi aldaketa ziurtatzeko Arantzazuko eskolak betetzen duen zeregin garrantzitsua bermatzen dute. Hori izan zen eskola duela 26 urte abian jartzeko arrazoi nagusietako bat. Aipagarria da, bestalde, gaur artzain makila jaso duten hamar lagun horietatik zazpik artalde propioa dutela.

Iturria: Oñati Irratia

No hay comentarios:

Publicar un comentario