Buscar este blog

lunes, 10 de octubre de 2022

EMAKUMEENTZAKO JABETZE ESKOLAKO UDAZKENEKO PROGRAMA KALEAN DA.

 2022/10/07.




Izena emateko epea zabalik dago, urriaren 23ra arte

  9 ikastaro, hitzaldiak, ikuskizunak eta gizonen taldea jaso dira udazkenerako programan. Neska gazteen jabetze eskola martxan jartzeko ahalegin berria ere egingo da. Izan ere, herriko emakumeen topagunea izan nahi duen Jabetze Eskolak, eztabaidarako, formaziorako eta saretzeko espazio bihurtzea du helburu, adin guztietako emakumeei zuzenduta, nagusiki, baina feminismora hurbildu nahi diren herritar guztiei irekita. Hala, aurten, eta berritasun moduan, gizonei zuzendutako tailer bat antolatu da, feminismoaren aldarriekin bat egin eta parekidetasunerantz urratsak eman nahi dituzten gizonezkoei zuzenduta. Iaz, programa neska gazteei zabaltzen saiatu ziren eta bizpahiru tailer antolatu ziren hauei zuzenduta baina ez zuten gutxieneko matrikula kopururik izan eta bertan behera utzi ziren. Ahalegin berria egingo da aurten, esan bezala, eta dituzten interesak azaldu eta proposamenak egiteko bilera irekia antolatu da 14 eta 20 urte bitarteko neskentzat. Azaroaren 7an, 18:00tan izango da, Gaztelekuan.

  Etxeetara astean banatu diren eskuliburuan ikus daitekeenez, yoga; zoru pelbikoa indartzeko tailera; eskola feminista iraunkorra; arrazakeriaren aukako genealogia feministak; alternatiba ekofeministak eraikitzen; amatasunen inguruko hausnarketa, ikuspegi feminista eta intersekzional batetik; autodefentsa feminista; noka eta mendi orientazioa sakontzeko ikastaroak antolatu dira datozen asteetarako. Batzuk ordu gutxiko tailer laburrak izango dira eta beste batzuk, astetan/hilabetetan luzatuko direnak. Irakasle, data, ordutegi eta iraupenari buruzko xehetasunak banatu diren liburuxketan zehaztu dira. Udazkeneko eskaintza, liburu baten aurkezpen-solasaldiaz, hitzaldi batez eta bi ikuskizunez osatuko da.

  Izen-ematea zabalik dago eta alde horretatik ere bada nobedaderik, ikastaro eta tailer guztietarako izen-emate epe bateratu bakarra izango delako, urriaren 23ra arte. Izena udaleko web ataritik egin liteke edota banatu diren liburuxken atzealdeko orria beteta, udaletxeko HAZ bulegoan utzita.

Iturria: Oñati Irratia

No hay comentarios:

Publicar un comentario