2022-04-14 13:19
Arantzazuko Parketxeak eta Gomiztegi artzain eskolak gaztagintzaren mundua ezagutzeko jarduera antolatu du gaur. Gomiztegin bertan egiten diren gaztak dastatzeko aukera izan dute, besteak beste, bertaratu direnek.
Pandemiaren eraginez tokiko turismoa bizitu egin dela azaldu du Ane Garciandia Gomiztegiko formatzaileak. "Bi urteren ostean, gogoz ikusi dugu jendea naturguneetara gerturatzen. Inguruko herrietako jendea etorri da, baina baita Kataluniako bisitariak ere".
Oñati eta Arantzazu ingurua beti izan ohi dira interesa pizten duten inguruak, eta eskaintza zabala egoten da eskura. Aurten, gaurko egunerako Gomiztegik eta Arantzazuko Parketxeak jardunaldi oparoa prestatu dute.
Parketxetik abiatu dira dozena bat familia, eta hainbat geldialdi izan dituen ibilbidea egin dute. Ingurunearekin eta Arantzazu auzoarekin zerikusia duten gaiak jorratu dituzte. Ibilaldia Gomiztegi Baserrian bukatu dute, eta bertan, bisita gidatua egin dute, eskolaren jatorria eta funtzionamendua ezagutzeko. "Artzaintzak gure kulturan izan duen garrantzia ezagutaraztea izan da bisitaren funtsa; ogibidea gertutik ezagutzea", azaldu du Ane Garciandiak.
No hay comentarios:
Publicar un comentario