2022/03/23.
Udal gobernu taldearen politiken helburua da, besteak beste, gure baso eta ekosistemak osatzen dituzten espezie autoktonoei balioa ematea, biodibertsitate hori galdu ez dadin. Helburu hori bi lan ildotan islatzen du Udalak: espezie autoktonoak landatzearen aldeko jarrera aktiboan eta herritarrak kontzientziatzen, etorkizunera begira bertako espezien garrantziaz jabetu daitezen.
Espezie autoktonoenganako apustu hori euskarri ikusgarri eta iraunkor bat sortuz irudikatu nahi du Udalak, eta elementu eskultoriko bat aukeratzeko ideia lehiaketa eta hautatutakoa gauzatzeko kontratua abiatu du. Eskultura osatzeko material naturalak edota karbono aztarna txikia dutenak erabiltzea lehenetsiko da, baina edozelako figura edo konposizioa proposatu daiteke, ideia lehiaketa baita. Hautatuko den lana egin eta instalatzeko 8 hilabeteko epea zehaztu da kontratazio deialdian eta, gehienera, 14.999 euroko aurrekontua finkatu da.
Eskaintza ekonomikoa ez da lana esleitzeko irizpide bakarra izango, ezta erabakigarria ere, prezioa ez ezik, elementuaren iraupena, material naturalen erabilera, kokatuko den inguruarekiko proportzionaltasuna eta egokiera, proiektuaren azalpen memoria eta proiektua ezagutarazteko proposatutako ekintzak baloratuko baitira.
Proposamenak aurkezteko epea gaur zabaldu da eta apirilaren 22ra arte luzatuko da. Proposamenek honako hauek jaso beharko dituzte: euskarri fisikoaren deskribapena; sustatu nahi den espeziearen sustraitzeari buruzko memoria; obraren kokapen fisikoaren proposamena; proiektua indartzeko balio duten beste ekintza batzuk egitea, izan hitzaldiak, erakusketak edota irteerak. Dokumentazioa eta proposatutako ekintzak euskaraz osatu beharko dira.
Eskultura Eltzia pareko berdegunean kokatzea aurreikusi da.
Iturria: Oñati Irratia
No hay comentarios:
Publicar un comentario