'Absurdoaren paradisua', Mila Moduren azken lana
Azaroaren 6an kaleratuko du Mila Modu taldeak bere estudioko azken lana, Absurdoaren paradisua izenpean. Elkar ekoiztetxearekin batera grabatu duten lanak sei kantu batzen ditu; aspaldiko doinuak eta herriko idazleekin elkarlanean egindakoak.
Mila Modu taldea Xabier Yaniz, Andoni Campos eta Oskar Arlanzon oñatiarrek abiatutako musika-proiektu berriak estudioko bere azken lana kaleratuko du azaroaren 6an. Hor Konpon taldeko kideak dira talde berria abiarazi duten musikariak; Yanizen kasuan, abeslaria eta gitarra-jotzailea izan zen 90eko hamarkadaren hasieran.
Aniztasunetik sortua
Mila Modu taldearen izena bera ere aurreko proiektu eta musikaren aniztasunetik datorrela azaldu du Yanizek: "Musika egiteko mila modu daude, eta beste mila kantuak sortzeko. Alde batetik, parte akustikoa landu nahi nuen, eta, bestetik, elektrikoa ere bai. Hortik dator Mila Modu".2019an estreinatu ziren Mila Modu bezala Yaniz, Arlanzon eta Campos, Boza Free izeneko lehen singlearekin, formatu akustikoan. Gaztea maketa lehiaketan finalista geratu ondoren, lehen disko luzea grabatu gura zuten oñatiarrek maiatzean, udara begira kaleratu ahal izateko.
Baldintzatutako lana
COVID-19ak planak zapuztu bazituen ere, lan laburragoa argitaratzea erabaki zuten, orain arte egindakoarekin: "Konfinamenduan ere kantu asko egin ditugu, eta atera beharra genuen. Hala, gure betiko argitaletxera jo, eta prest zeuden laguntzeko". Elkarren zigilupean egindako Absurdoaren paradisua uztailean hasi ziren grabatzen: "Denbora-rekin eta lasai grabatu dugu, presa barik. Azken batean, gure asmoa Durangoko Azoka ingururako argitaratzea zen".
Disko "indartsua"
Absurdoaren paradisua lan "xumea" izateko asmoarekin jaio bazen ere, lana "nahiko osoa" geratu dela azaldu du Yanizek: "Birmasterizatuta berreskuratu dugun Bozza Free kantaz gain, gainerako doinuak nahiko elektrikoak dira. Doinuari garrantzi handia eman diogu, oso melodiakoa da, indar askorekin eta ahots sakonarekin". Kanten hitzetan, Sarrionandiaren olerki bat eta Oñatiko hainbat idazleren eta bertsolariren letrak entzun daitezke.
Azaroaren 13an kontzertua
Egoera berezian kontzertuak eskaini ahal izateko kantak akustikora moldatzen dabiltzala azaldu dute taldekideek, areto itxietan egiteko aproposagoa dela iritzita. Hala, azaroaren 13rako, egubakoitza, dute aurreikusita Absurdoaren paradisua lanaren lehen aurkezpeneko kontzertua, herrian bertan, Oñatiko zinean.
No hay comentarios:
Publicar un comentario