2023/11/20.
Udaletxeko balkoia gaur goizean |
Abenduaren 11n piztuko dira, erakusleiho lehiaketa abiatzen den egun berean
Hernaniko Maykolux enpresari esleitu zaio Gabonetako argiteria jarri eta mantentzeko zerbitzua, aurten ere, eta ostiralean hasi ziren instalazio lanekin. Lehen apaingarriak jarri dira plazan eta Atzeko kalean, jada. Baina piztu ez dira berehalakoan egingo. Abenduaren 11a da argiak pizteko zehaztu den eguna, Oñatiko erakusleiho lehiaketa abiatzen den egun berean. Bitartean, falta diren apaingarriak jarriko dira.
Ohiko kale eta txokoak apainduko dira Gabonetan: kale Zaharrean, kale Barrian eta Atzeko kalean 9na elementu jarriko dira, Bidaurretako zuhaitza eta Kalegoienako eta Unibertsitate etorbideko biribilguneak apainduko dira eta plazan, arkuetan eta magnolietan argiak jarriko dira eta udaletxeko fatxadan urte berri on mezu argiztatua ere bai.
Halako lanak egiten dituzten hiru enpresei proposamena eta aurrekontua aurkeztea eskatu zitzaien, Gabonetako argi apaingarriak jartzeko zerbitzua esleitu ahal izateko, baina Maykolux enpresak bakarrik erantzun zuen.
Eskaintzak udalak zehaztutako baldintzak betetzen zituela ikusita onartu zen pasa den asteko tokiko gobernu batzarrean eta lana Maykolux-i eslaitu zitzaion, esan bezala. Muntatze, desmuntatze eta mantenu lanak nahiz elementu apaingarrien alokairuak 17.787 euroko aurrekontua du, iaz baino 350 euro gehiago.
Iturria: Oñati Irratia
No hay comentarios:
Publicar un comentario