Buscar este blog

jueves, 19 de octubre de 2023

ELTZIA.

 2023/10/17.

Dinamika berria abiatu dute Eltzian, komunitatea sendotzeko.




Topagunean kontzertua eta Eltzia Eguna dira antolatutako lehen ekintzak, bihar eta urriaren 28rako, hurrenez hurren

  Eltzia biziberritzeko hiru egitasmo du izena dinamika berriak eta hiru lan ildo biltzen ditu: Topa-gunea, Eltzia Eguna eta Komunikazioa. Eltzia dinamizatu, proiektu amankomun gisa biziberritu, harreman-sarea sendotu eta Topagunea eltzekideen eta herritarren elkargune bilakatzea du helburu, besteak beste. Horretarako bi lagun izendatu dira: Sara Arregi dinamizatzailea eta Danel Teran komunikazio arduraduna.

  Arregik eltzekideen arteko harremanak dinamizatuko ditu, zubi lanak egin, arduren banaketa bideratu eta eltzekideen artean erabakitzen den programazioaren antolaketan lagunduko du. Teranek berriz, komunikazio estrategia landuko du, norabide bikoitzean: herrira begira baina bereziki, barnera begira, eltzekideen arteko ezagutza eta harremanak errazteko. Komunikazioari garrantzia berezia eman dio Eltziako koordinazio taldeak, eta azkenaldian antzeman duen hutsuneetako bat dela deritzo.

  Topa-gunea da martxan jarri berri den dinamika berriko beste zutabeetako bat. Izenak dioena islatuz, Eltziako Topagunea bilgune bihurtu nahi da, herritar guztientzako, gutxienez, hileko asteazken baten. Horretarako lantaldetan antolatuko dira Eltziako eragileak eta beraien ardura izango da ekintza programa prestatzea. Elkarlan horrek, elkar ezagutu eta harremanak sendotzeko bidea emango du. Topa-gunera etxeko zein kanpoko sortzaileak gonbidatuko dira. Dinamika honi dagokion lehen emanaldia bihar bertan gauzatuko da, Muare taldearen kontzertua izango baita, 20:30etan.

  Azkenik, Eltzia Eguna berreskuratuko da. Aurtengoa urriaren 28an izango da. Festa giroko eguna izango da; elkarrekin egon eta biziberritze prozesuari bultzada emateko aukera polita dela uste dute antolatzaileek. Egunaren antolaketan jada, elkarlana, elkar-ezagutza edota arduren banaketa oinarrizkoa izango baita.

  Eltzia osasuntsu eta oso bizirik dagoen arren eragileen arteko hartu-emanak handiagoak izan zitekeela diote Eltziako koordinazio taldekoek eta horretan eragitera dator martxan jarri den dinamika berria. Baita Eltzia herriari irekitzera ere. Egingo diren ekintzak eta programazioa, beraz, ez dira helburua, tresna edo bitarteko bat baizik.

  Apirileko osoko bilkuran aho batez onartu zen Udala-Eltzia arteko lankidetza hitzarmena beste lau urtez luzatzea. Eta Eltziatik etorritako proposamena onartuta, lehen aldiz, azpi-hitzarmen bat jaso zen, dinamika berri hau gauzatzeko.
Partaidetza eta Garapen Komunitarioko zinegotzi Anik Zubizarretak esan du oso begi onez ikusi zutela proposamena, Eltzia barrura eta kanpora begira sendotzen lagundu dezakeen dinamika delako. Eta Udaletik sustatu nahi den komunitatearen garapenerako Eltziak duen potentziala azpimarratu du.

Iturria: Oñati Irratia

No hay comentarios:

Publicar un comentario