Buscar este blog

miércoles, 3 de mayo de 2023

MAIATZAREN 15EAN HASIKO DIRA URGAIN-ERREKALDEKO JOLASGUNEA ERABERRITZEN.

 2023/05/02.






K1 Ekopaisaiak egingo ditu lanak, 91.000 eurotan

  Lur Paisajistak enpresak osatutako proiektuan oinarrituko dira Urgain-Errekalde herri eskolako jolasgunea eraberritzeko lanak. Bi fasetan egingo dira eta lehen faseari dagozkionak esleitu berri dizkio Udalak K1 Eskopaisaia SL enpresari. Lehen fase honetan hiru esku-hartze nagusi gauzatuko dira: patio ondoan dagoen udal jabetzako lur saila jolasgunean integratzea, kirol zelai asfaltatuaren azalera gogorra murriztea eta euri uren kanalizazio egokia egin eta hori probestuz, jolas eremu berritzailea sortzea.

  Urgain-Errekaldeko jolasgunea eraberritze lanen ondorioz, egun asfaltozkoa den jolasgunea bi herenetara murriztuko da, saskibaloi zelaia eta futbol zelaietako bat mantenduz. Ondoko lursaila jolasgunera integratuko da 2.755 metro koadroko eremu berritzailea sortuz. Eskola eta herri lurren artean dagoen itxitura eraitsi ez ezik, lursail horretan urarekin dagoen arazoa konponduko da, hau da, euri urak bildu eta bideratuko dira eta, aldi berean, ura, jolaserako elementua bihurtuko da. lursailaren behealdean urmael txiki bat egokituko baita jolaserako eta natur baliabideak gehitzeko, hezegune ekosistema txiki bat sortuz. Metro erdi inguruko sakonera izango du putzuak eta ur soberakina ebakuazio kutxatila nagusira bideratuko da. Ondoko lursailaren malda hainbat puntutan leunduko da, hiru terraza horizontal sortuz eta lanen hurrengo fasean aurreikusten diren esku-hartzetarako prestatuz.

  Hiru enpresa aurkeztu ziren Urgain-Errekaldeko jolasgunea eraberritzeko lanen esleipen prozesura eta K1 Ekopaisaia SL enpresak lortu du puntuaziorik altuena, eskaintza ekonomiko merkeena eta berme epea 5 urtera luzatzeko proposamena eginda. Lanak, 91.164 eurotan egingo ditu. Kontratua datorren astean sinatuko da eta lanak maiatzaren 15ean hastea aurreikusten da. Ondo bidean, udako opor garaian egingo dira eta irailerako jolasgunearen gune berria erabilgarri egongo da bai eskolarentzat baita auzotar eta herritarrentzat, instalazioak zabalik mantenduko baitira eskola ordutegitik kanpo, orain arte bezala.

  Lan hauen finantzaketarako Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Hezkuntza Sailen dirulaguntza eskatu du Udalak.

Iturria: Oñati Irratia

No hay comentarios:

Publicar un comentario