2022/07/18.
EAJk proposatutako kirol hiria |
Oñatiko jeltzaleak aspalditik ari dira eskatzen Berezaoko Korriuena ingurua kirol ekipamenduetara bideratzea. Bi futbol zelai, hainbat igerileku, berdegunea eta bestelako ekipamendu batzuk hartuko lituzken kirol hiria eraikitzea proposatu dute jeltzaleek asteburuan zabaldutako prentsa oharrean.
Jeltzaleek diote, behin baino gehiagotan eskatu dutela Azkoagaingo zelaiaren egoera bere osotasunean aztertzea eta Aloña Mendik jokatu eta entrenatzeko erabiliko lituzken bi futbol zelai eta aldagelak, bainugelak eta gimnasioa egitea proposatzen dute. Gainera, bizikleta, patinete eta autoentzako aparkalekua eta hiri buserako geltokia ere egitea proposatzen dute, besteak beste.
Era berean, adin ezberdinetako erabiltzaileentzat igerileku irekiak egitea aurreikusten dute jeltzaleek Berezaoko kirol hiri horretan. Udako hilabeteetan erabiltzeko igerilekuak berdegunez inguratuta egongo lirateke, eta itzalgune naturala sortzea aurreikusten da. Igerileku berriak Usakoren alternatiba gisa planteatzen ditu EAJ-k, errekako bainu-gunearen izaera naturala berreskuratu eta zaintzeko aukera aipatuz. Berezaoko igerileku irekiak jasangarriak eta ekologikoak izango liratekeela ere zehazten du jeltzaleen oharrak, uraren erabilera egokia bilatuz eta ura garbi edukitzeko produktu kimikoak saihestu eta prozesu naturalagoak erabiltzea aurreikusita.
Iturria: Oñati Irratia
No hay comentarios:
Publicar un comentario