2022/02/28.
(Arg: Noticias de Gipuzkoa) |
Beatriz Artolazabal Justizia, Berdintasun eta Gizarte Politikako sailburuak El Correo egunkariari eskainitako elkarrizketa batean adierazi zuen 10 presori 3. gradua eman zaiela eta beste 26ri ukatu. Erabakiak pasa den astean bertan jakinarazten ari zirela ere zehaztu zuen sailburuak. Eusko Jaurlaritzak presoengandik jasotako gradu aldaketa eskaerak banan-banan aztertzen dituela jakinarazi du sailburuak eta irizpide zientifiko-tekniko batzuen arabera erabakitzen dela.
Joseba Arregi Erostarbe oñatiarra da hirugarren gradua lortu duenetako bat. Ostiral arratsaldean senitartekoei deitu ei zien asteburuan kalera irteteko baimena zuela jakinaraziz. Hala egin du, larunbat eta igandean Donostian izan da, lasai, eta atzo gauean Martuteneko kartzelara itzuli zen lotara. Hirugarren graduaren aplikazioa zein baldintzetan gauzatuko den ikusteko dago oraindik, espetxe arduradunek zehazten dituzte kasu bakoitzean zein baldintza bete behar diren.
Gogoratu dezagun Joseba Arregik 75 urte dituela, eta 29 urte daramatzala preso, 1992an Bidartek atxilotu zutenetik. Lehen urteak Frantziako kartzeletan bete zituen eta 2000.ean Espainiaratu zuten eta 30 urteko kartzela zigorra jarri zitzaion, terrorismo, hilketa, mehatxu eta lesio delituengatik. Arregik zigorraren hiru laurdenak beteta dauzka. Alacantetik Asturiasera aldatu zuten 2020ko hasieran eta bertatik Martutenera, urte bereko urrian. Gipuzkoara ekarri ez ezik, bigarren gradua aitortu zioten orduan.
Jaurlaritzak iazko urrian hartu zuen bere gain espetxeak kudeatzeko eskumena, eta, harrezkero 150 presori gradua aldatzea onartua bazuen ere, motibazio politikoko presorik ez zegoen horien artean. Beraz, lehenak dira orain hirugarren gradura igaroko direnak. AVT biktimen elkarteak, ordea, jakinarazi du gaur bertan Auzitegi Nazionaleko fiskaltzara joko duela, gradu progresio horiek aztertu ditzan. Azken asteetan, Auzitegi Nazionalak hirugarren graduan zeuden hiru preso itzularazi ditu kartzelara, fiskalaren eskaera aintzat hartuta.
Iturria: Oñati Irratia
No hay comentarios:
Publicar un comentario