MADDI MURGIONDO: “DENBORA PASATU ARREN HOR IRAUNGO DUEN LAN BAT SORTU NAHI IZAN DUGU”
Euskal abestien, liburuen eta olerkien bilduma bat osatu dute Irakasle Eskolako lau ikasle ohik, unibertsitateko lanez baliatuz. "Bitarteko falta" nabari zuten hezkuntzan. Proposamen didaktikoak ere gaineratu dituzte.
Beñat Alberdi
Irakasle Eskolan, Haur Hezkuntzako espezializazioan, euskararekiko apetak lau ikasle batu zituen: Maddi Murgiondo (Oñati, 1996), Naroa Mendizabal (Donostia, 1996), Miren Puertas (Azkoitia, 1996) eta Haritz Mujika (Asteasu, 1995). Euskara hizkuntza tresna izenburua jarri zioten lanari. Laurek kulturarekiko duten zaletasuna kontuan hartuta, eta unibertsitaterako lan bat aurkeztu beharra zeukatela jakitun, www.hitzketa.eus proiektua sortu zuten. 0 eta 6 urte bitarteko haurrentzako euskal olerkiak, literatura eta abestiak biltzen ditu webguneak, horiek lantzeko zenbait proposamen didaktikorekin batera. Murgiondok nabarmendu du adin tartearena gurasoentzat ere baliagarria izan daitekeela.
Zuen hitzetan, “bitartekoen hutsuneak” sorrarazi zuen proiektua, baina zer hutsune dago?
Ikusi genuen kultura lantzeko orduan bazegoela behar bat eskoletan. Esaterako, erabiltzen zen materiala ez zen eskuragarri dagoen onena. Unibertsitatean ikusi ditugu aparteko bitartekoak. Irakasle askok, ordea, ez daukate horren berri, eta erabiltzen dutena ez da onena. Hutsune hori betetzeko asmotan hasi ginen lanean.
Zubiak falta dira, beraz, irakasleen eta bitartekoen artean?
Ez da hori bakarrik: baliabide mordoa dago, eta guk filtroa pasatzen diegu denei. Kalitatezko produktu bat eskaintzen saiatu gara; batez ere, liburuetan. Abestietan izugarrizko lana dago eginda, eta horren adibide dira Ene Kantak edo Pirritx, Porrotx eta Marimototsen abestiak. Literatura ez da landu horrenbeste. Landu nahi denaren arabera aukeratzen dena ona dela ziurtatzeko berme bat eskaini nahi dugu guk.
Existitzen diren piezak baliatzeaz gain, ba al daukazue eduki berriak sortzeko asmorik?
Material berria sortzen baino gehiago, bilduma bakoitzekoa nola landu zehazten saiatu gara. Proiektuari ekin eta pare bat hilabetera zabaldu genuen proposamenen atala, eta jendeak bidali dizkigu eurek garatutako zenbait lan. Sortuta daudenez, jendeak ezagutu eta erabil ditzala.
Dohainik erabil daiteke materiala, eta, beraz, ez duzue irabazi asmorik. Komunitatea da proiektuaren oinarria?
Asmoa ez da guk zerbait sortzea: jendeak idatzi eta proposamenak bidal ditzan nahi dugu. Jendeak parte hartzen badu eta proposamenak iristen bazaizkigu, ezagutzen ez genituelako izango da, ziurrenik. Antzeko zerbait gertatuko zaie irakasle batzuei, hezitzaileei eta gurasoei.
Badago euskal komunitaterik sarean?
Duela hiru urte, 2018an sortu genuen webgunea. Geldirik eduki dugu, beste proiektu edo lan batzuetan genbiltzalako. Itxialdian jarri genuen berriz martxan. Bada, geldirik egon den tarte horretan ere eguneroko erabiltzaileak izan ditu webguneak. Denbora pasatu arren hor iraungo duen lan bat sortu nahi izan dugu.
Pandemia garaian bizkortu egin duzue, beraz, proiektua?
Gaur egun, buletina bidaltzen dugu hilabetero, zer eduki berri eskaini dugun azalduz. Otsailean, gainera, inauteriekin lotura daukaten baliabideak prestatu ditugu; abenduan, berriz, Gabonetakoak. 280 harpidedun inguru dauzkagu. Saiatzen gara hilabetero bitarteko berriak eskaintzen, eta sei proposamen didaktiko ere bidali dizkigute.
Olerkiak, literatura eta abestiak: sailkapen hori egin duzue, baina azpisailak ere badaude. Zergatik egin duzue antolaketa hori?
Jasotzen dugun materiala edo bururatzen zaiguna sailkatzen ari gara. Denontzako baliagarria izango den bilduma bat sortzea da erronka, eta, horretarako, materiala ondo antolatuta egotea da gakoa. Jendeak album mutu bat behar badu, jakin dezala nora jo dezakeen aukeratzeko.
Ipuin kontaketak ere sartu dituzue webgunean. Horrek talkarik sortzen al du argitaletxeekin?
Geure artean izan genuen barruko eztabaida hori, eta sare sozialetan idatzi ziguten argitaletxeentzat kaltegarria izan zitekeela esanez. Baina guk ez diogu kalterik egin nahi inori. Orain ditugun ipuin kontaketak ahoz transmititzekoak dira, familian kontatzekoak. Gainera, liburuaren berri ere ematen dugu, ondoren dagokien tokian eros dezaten.
Abestiei dagokienez, Youtubekoak dira asko. Horrek ez al du sortzen arazorik?
Gure kasuan, ez. Ospakizunetako bideoak dauzkagu, euskal tradiziotik datozenak, lo egitekoak… Baina diskografiak eskaintzen ditugu gero. Zenbait Youtuben daude, eta ez daudenak erosi egin beharko dituzte.
Olerkietan, aho korapiloak, asmakizunak eta esaera zaharrak sartu dituzue. Bultzada bat eman al diezue horiei?
Bai, eta atal hori izan da betetzeko zailena. Bibliografia zabala du gaiak, baina digitalki ez. Liburuetan jardun dugu bila.
Proposamen didaktikoak ere sartu dituzue eskaintzan. Edukiak lantzeko ideiak dira horiek?
Irakasle garen heinean, bitartekoak eskaintzeaz gain, lantzeko modua ere gehitu nahi izan dugu. Gerta daiteke erabiltzailea guk proposatzen dugun horretara ohituta ez egotea edo ideia hori ez bururatzea.
Hainbat egileren lanak bildu dituzue. Zenbait, gainera, unibertsitateko gradu amaierako lanak dira. Zuen webgunea plaza bat da eurentzako?
Sekulako lanak dira batzuk. Azkena, ikasgelan poesia nola landu azaltzen duen lana bidali digute. Nik horrelako oso gutxi neuzkan ikusita; bitarteko mordoa dauzka. Akaso, lan hori gurekin trukatu ez balu, kaxoi batean gordeta geldituko zen.
Euskarazko edukiak dira denak, baina euskaraz ez dakitenentzako ere prestatu duzue webgunea, ezta?
Euskaraz ez dakitenei ere aukera bat eskaini nahi diegu euren seme-alabentzat euskarazko edukiak aukera ditzaten. Itxialdian haur askok galdu zuten euskararekin zuten lotura bakarra; hots, eskola. Horiek abesti bat entzun dezatela, behintzat.
No hay comentarios:
Publicar un comentario