Astelehen eta asteartean itxita egongo da Bidebarrieta kalea, osasun zentroko eta azokako biribilguneen artean
Astearte eta asteazkenean berriz, Aldakiñoko bidea itxiko da
Datozen astelehen eta asteartean, urtarrilaren 18 eta 19an, Bidebarrieta kalea itxi egingo da, norabide bietan, anbulatorioko eta azokako errotonden arteko tartean. Kiroldegi sarrera pareko oinezkoen pasabidea konpondu behar dute eta lan horiek egin ahal izateko itxiko dute bi egunez aipatutako bide tartea. Txantxiku ikastolako autobusak osasun zentroko bidetik egingo ditu joan-etorriak, udaltzaingoaren laguntzarekin. Gainerako ibilgailuek osasun zentroko edo azoka ondoko errotondetara iritsita buelta hartu beharko dute, bidea itxita mantenduko baita astelehen eta asteartean.
Eta asteartean hain zuzen ere itxiko da Olakua eta San Martin auzoak elkar lotzen dituen Aldakiñoko oinezko bidea. Asteartean, urtarrilaren 19an, Natur eskola ondoko zuhaitz handienak botatzen hasiko dira eta segurtasunagatik, albotik pasatzen den Aldakiñoko bidexka itxi egingo da. Ipurditik moztuko diren arbola gehienak tamaina handiko haritz amerikarrak dira. Egun eskola aldera okertuta daude asko eta lehenago edo beranduago erortzeko arriskuan. Natur eskolaren eraberritze lanak aprobetxatuz eta segurtasunari begira baina eraikinari arnas gehiago emate aldera, aipatu zuhaitzak bota egingo dira datorren astearte eta asteazkena bitartean. Horregatik, arbolak bota eta erretiratzeko lanak egin bitartean, Aldakiñoko oinezko bidea itxita mantenduko da, astearte eta asteazkenean, 7:30tatik 18:00ak bitartean.
No hay comentarios:
Publicar un comentario