Buscar este blog

domingo, 26 de julio de 2020

Joxe Mari Arregi: "Izugarri gustura gaude Arantzazurendako ez ezik, lurraldearen zerbitzurako garrantzitsua ere badelako"..(2020)

GOIENA



Arantzazuren etorkizuna bermatuko duen proiektua bi urtez egosten ibili ostean, gizarte berrikuntzarako egitasmoa, ikasturte berrian abian jarri gura du Arantzazu Gaur Fundazioaren patronatuak. Bizikidetza, ingurugiroa, kultura eta ongizatea batuko dituen proiektu mamitsua izango da eta hiru euskal unibertsitatek sustatuko dute elkarlanean. Astelehenean, bilera egingo du Donostian patronatuak zuzendaritza aukeratzeko eta inbertsioak zein bide-lerroa zehazteko.
Joxe Mari Arregi frantziskotarra oso hunkituta eta ilusionatuta azaldu da GOIENAri egin berri dion adierazpenetan. "Bi urtetan zehar landutako egitasmoa da eta isilean eraman gura izan dugu babesteko. Orain publiko egin da, baina proiektu oso garrantzitsua da Arantzazuren etorkizuna bermatzeko. Gure ezinak ikusita, Arantzazun zer egin daitekeen aztertzen ibili naiz; orain bi urte abiatu genuen hausnarketa lana. Hamar orrialde idatzi nituen Arantzazuren etorkizunaren gainera. Izan ere, oso ilun ikusten nuen eta hor hasi zen gaur egun esku artean daukagun proiektua".
Frantziskotarren kezkatik abiatuta, Gipuzkoako Diputazioak ere laguntzeko prestutasuna erakutsi zuen hasiera-hasieratik. "Uste dutelako Arantzazu gune berezia dela; berrikuntzarako gune bat ez ezik, gizartearekin topo egiteko lekua ere badela uste izan dutelako. Milaka bileraren ostean jaio da proiektua", kontatu du Arregik. Izugarri gustura gaude lurraldearen zerbitzurako egingo den ekimenaz gain Arantzazurendako ere zerbitzua sortu delako. Gandiaga eraikinerako programa berezia ere sortu da eta uste dugu urtetarako lana izango dela. Ilusio handia dugu bi gauza batzen baitira: batetik, sortuko diren hainbat beharrei erantzuteko gaurko gizarteak behar duen zerbitzua delako; eta bestetik, guk ere gizarteari eta Arantzazuri ekarpena egiten diogulako".

Espiritualitateaz harago

Arantzazu espiritualitate eta otoi gune izatetik harago dago eta gizarte gaiak, ekonomia eta kultura ere batzen ditu. Halaber, Arregik Arantzazuren espiritualitate hori indartu eta argitu gurako lukeela aitortzen du: "Baina ez dugu albo batera utzi behar Arantzazuren espiritualitatea, hori ere argitu eta indartu gurako genu-eta. Horrekin lotuta gizarterekin eta kulturarekin ere lotuta egon baita Arantzazu. Proiektu berri honek asko ilusionatzen nau eta badakizu, geroz eta gehiago sufritu ondorengo ilusioa handiagoa izaten da, eta nik konkretuki asko sufritu dut kezka handia izan baitut".

Arantzazu Gaur Fundazioaren ekimena

Gizarte berrikuntzarako ekimena Arantzazu Gaur Fundazioa patronatua eratzen duten bost eragileek jarri dute martxan: Oñatiko Udalak, Kutxak, Gipuzkoako Diputazioak, MCCk eta Frantziskotarrek. "Arantzazun ekimen hau martxan jartzea hasieratik bultzatu dute patronatua osatzen duten kide guztiek; esaterako, Oñatiko udalarekin bat etorri gara hasieratik. Lehen Mikel Biain alkate zenean, eta orain Izaro Elorzarekin".

Unibertsitateen ekarpen aberasgarria

Joxe Mari Arregik azpimarratu du, hiru unibertsitateak (EHU, MU eta Deusto) proiektu batean uztartzea izan dela beste mugarri garrantzitsu bat. “Orain hilabete eta erdi aurkeztu ziguten proiektua argia eta eraginkorra da. Hiruak elkarrekin bat eginda ikustea pozgarria izan da. Unibertsitateak Arantzazuren aurrekariak ikusita, batez ere azken 80 urtetakoa aintzat hartuta, oso txertatua ikusi dute gizartearekin eta adostasun osoa izan dute hiruek ekimen berritzailea abiarazterako garaian. Asmoa da datorren ikasturtean hasiera ematea".
Hala, bizikidetza, ingurugiroa, kultura eta ongizatea batuko dituen proiektu mamitsua izango dute eskuartean  hiru euskal unibertsitatek elkarlanean.

No hay comentarios:

Publicar un comentario