Buscar este blog

martes, 3 de abril de 2018

OÑATI BIZIRIK.

goiena

'Oñati Bizirik': musikarien elkarlanetik sortua

   KULTURA  OÑATI
Azken urteetako ohiturari jarraiki, Oñati Bizirik kantu sorta grabatu dute herriko zenbait musika sortzailek. Era guztietako doinuak izango dira entzungai hogei abesti biltzen dituen lanean. Apirilaren 7rako antolatu dute aurkezpen egitaraua.
Bere bidean darrai Oñati Bizirik egitasmoak. Azken urteetan bezala, herriko zenbait musika taldek bat egin dute disko bateratua grabatzeko. Eta egindakoa erakusteko unea heldu zaie orain. Apirilaren 7rako antolatu dute aurkezpen egitaraua: 17:00etan emango diote hasiera ekintza sortari, Potx eta Lotx pailazoen emanaldiarekin. Eta hori bukatuta hasiko dituzte kontzertuak –18:30ean–. Bestetik, diskoa eskuratzeko aukera egongo da bertan –sarrerarekin batera emango dute–. 5 euroren truke eskura daiteke sarrera.
Hain zuzen ere, proiektuaren bultzatzaileek duela hamabi urte ekin zioten egitasmoari, eta hiru disko kaleratu dituzte ordutik –laugarrena aurkeztuko dute asteburuan–. Hori bai, azaldu dutenez, lehen eguneko helburuarekin dihardute: "Beti bezala, euren abestiak plazaratzeko –eta, beraz, ezagutzera emateko– aukera eman gura izan diegu herriko talde zein bakarlari hasiberriei". Zehatz esanda, Valls eta Izar, Aitor Regeiro, Iker Martinez, Gaitzerdi, Herstura, Broken Legacy, Zuen Azkena, Utopia eta Txua izango dira entzungai disko berrian.
Eta horretan geratu barik, bestelako sortzaileak ere gonbidatu dituzte egitasmoan parte hartzera, "herrian bizirik eta aktibo dauden horiek". Gauzak horrela, Urko Arregiren bertsoa, Pobresiaren poesia musikatua zein Potx eta Lotx pailazoen kantu bat ere biltzen ditu diskoak. Esan beharrekoa da, aurtengoan, hogei abesti daudela entzungai Oñati Bizirik-en.
Elkarlanean eraikia
Bultzatzaileen esanetan, "autogestioa" du oinarri egitasmoak. "Besteak beste, guztioi dagokigu diskoari forma ematea, grabazio egunak zehaztea, soinu teknikariarekin ados jartzea eta finantzazio bideak aztertzea", diote. Eta, bide horretan, diskoaren salmenta zein aurkezpen kontzertua dituzte finantzazio bide nagusi.
Bestetik, diskoaren grabazioari dagokionez, orain arte bezala jardun dute: herriko gaztetxean grabatu dute, zuzenean. Otsailaren 3an eta 4an aritu ziren horretan, Iñaki Zubia musika teknikariaren laguntzaz.
Diskoa, tabernetan salgai
Esan moduan, aurkezpen egunean bertan emango dute diskoa –sarrerarekin batera–. Eta, horren ostean, izango da lan berria eskuratzeko aukerarik ere. Hain zuzen ere, Boga, Arrano, Ona, Pako eta Itturri tabernetan jarriko dituzte diskoak salgai, 4 euroren truke.

No hay comentarios:

Publicar un comentario