Lete, helmugan garaile. Argazkiak: www.urolakostakohitza.eus |
2018-02-19 11:48:35
KOBAZ KOBA TRAIL-EKO LASTERKETA MOTZA IRABAZI ZUEN ATZO
Denboraldiko bigarren garaipena, Xabi Leterentzat
Garaipen berri bat lortu du asteburuan, Xabi Lete mendi lasterkari oñatiarrak. Orain hiru aste estreinatu zuen aurtengo palmaresa Gernikako Etxera Trail lasterketan, eta denboraldiko bigarrena, Zestoan eskuratu zuen atzo eguerdian. Kobaz Koba traileko proba motzeko gizonik azkarrena izan baitzen txantxikuarra.
Zestoako Kobaz Koba Trail lasterketak hirugarren ekitaldia bete zuen atzo goizean. 500 korrikalari batu ziren guztira, antolakuntzak proposatu zituen bi ibilbidetara. Artzei bidea (13 kilometro) eta Zaldei bidea (25 kilometro) izan baitzituzten aukeran, lasterketan izena eman zuten korrikalariek.
Eta proba motzenean, Xabi Lete (01:08:02) izan zen txapelduna. Oñatiarrak, ia bi minutuko sartu zizkion helmugan bigarren sailkatua izan zen Ibai Makazagari (01:09:56) eta gizonezkoen podiuma, Ander De Luisek (01:11:28) osatu zuen.
Denboraldi hasiera bikaina
Ikasturtea hasi besterik ez da egin eta iazko bide beretik jarraitzen du Xabi Letek. Sasoi betean, eta lehiatzen dituen proba guztietan, aurreko postuetako borrokan. Urtarrila amaieran adibidez, hirugarrena izan zen Garingo mendi lasterketan, orain hiru aste, denboraldiko lehen garaipena lortu zuen Gernikako Etxera Trailen, eta palmaresa osatzeko, asteburuan, txapel berri bat poltsikoratu du Zestoan. Zorionak!
No hay comentarios:
Publicar un comentario