Araozko ostatua, auzotik datorren egitasmoa
2018-01-26 10:13 GIZARTEA OÑATI
Taberna, jangela eta hiru apartamentu turistiko egiteko proiektua egin dute araoztarrek, auzoari eta auzora doazenei zerbitzua emateko. udalak eta auzoak jarriko lukete diruaren zati bat, baina gehiena kanpotik etorri beharko litzateke.
Eraikina
Auzoaren erdigunean, elizaren aurrean dagoen eraikina egokituta egingo lituzkete ostatua eta hiru apartamentu turistiko. "1934ko eraikina da. Garai hartan, 100 ume joaten ziren Araozko eskolara. 1970ean aldaketak etorri ziren eta auzoko eskolak itxi eta kalera joan ziren ikastera. Ordutik hona, hutsik egon dira bai nesken eskola izandako eraikina eta baita mutilena izandakoa ere. Mutilena, egun, pribatua da eta neskena, auzoarena. Hutsik egon dan urte hauetan hondatzen joan da. Duela hiruzpalau urte teilatua berritu genion, auzolanean, eta orain, sinistuta gaude hemen ostatu zerbitzu bat jartzea ona dela auzoarendako", azaldu du Zumaldek.
Solairu bakarreko eraikina da, berez, baina beheko eta goiko solairua izango lituzke, ostatu bihurtuz gero. "Behean kokatuko litzateke ostatua eta ondoan egokitutako apartamentu bat egongo litzateke. Modu horretara, ez ginateke behartuta egongo igogailua jartzera. Goiko solairuan beste bi apartamentu leudeke
eta bakoitzean bi logela, sukaldea eta komuna".
Efizientzia energetiko handiko egurrak eta teknikak erabiliko dituzte arotz lanetan. Galdara biomasakoa izango da eta beroa berreskuratzeko aireztatze sistema izango du. Kalitate energetiko handiko eraikina izango da. Sukaldea industriala edukiko du.
Ideia
Zer gura duten egin, ideia, zehazten, definitzen, aritu dira denborarekin. Zergatia edo arrazoia, baina, garbi zuten hasieratik. "Auzoari eta auzora datorrenari zerbitzua eman gura diogu. Aitzulora, esaterako, Arrikrutzera beste edo gehiago etortzen dira, baina, gero, ez dute salda bero bat non hartu. Komunik ere ez dago. Egubakoitzetan ere etortzen dira hainbat gazte pilotan egitera, baina ezin dute freskagarririk erosi. Mendira, perretxikotara, eskalatzera... doazen asko etortzen dira auzora, baina ez dugu aterpe bat edo zerbitzurik eskaintzeko. Bestalde, auzoa biziberrituko luke egitasmo honek. Azken urteetan behera doa hemengo biztanleria eta gainbehera horri muga jartzeko balioko luke. Hasieran, aterpetxe bat jartzea genuen buruan, baina Arantzazun zabaldu dute bat eta ideiaz aldatu eta ostatua eta apartamentu turistikoen alde egin dugu eta proiektuan horixe jaso dugu", dio Araozko auzo alkateak.
Egun, ia 70 lagun daude erroldatuta Araotzen. 2106an lau haur jaio ziren eta 2017an bi. Auzotarrak, baina, gehiago dira, eta, kalean bizi arren, ohitura handia dute hara joateko; eguneroko eta asteburuetako joan etorria, mugimendua, handiagoa da.
Elizaren alboan, frontoiaren ondoan, auzoko elkartea dute, saloia. Auzotarrak dira bertako bazkide eta jaiegunetan, eguerdietan, zabalik egoten da, taberna moduan. "Hori da bazkideok hartuta dugun konpromisoa. Zerrenda bat dugu eginda, eta txandaka, bizpahiru bazkide, etortzen dira saloia herritarrei zabaldu eta zerbitzu emateko. Jaiegunetan izaten da hori, eguerdietan. Gainerakoan, ez dago bestelako ezer hemen", dio Zumaldek.
Finantzazioa
Ilusioz egindako proiektu horrek, baina, beste askok bezala, dirua behar du gauzatzeko: "Diru hori kanpotik ekarri behar dugu". Miloi erdiko proiektua da, 492.000 euro, eta horretan ari dira orain buru belarri Araozko auzo batzordeko kideak, Koldo Zumalde, Luis Zumalde eta German Urkia. "Dirua. Horixe da egitasmo honen harri koxkorra. Proiektua badago, ilusioa eta gogoa ere bai, baina dirua da oztopo hemen ere. Zenbakiak handiak dira, gure ingurua ezagututa. Beti gaude ganorazko gauza bat egiteko asmoarekin, eta, honek aurrera egingo badu, kanpotik ekarri behar da dirua. Harremanetan ibili gara Udala rekin eta Jaurlaritzarekin eta zerbait etorriko den esperantza badugu. Udalak gorde du diru partida bat 2018ko aurrekontuetan, 200.000 euro, baina, betiere, Gasteiztik etorriko denaren baitan, bestela ez. Guk ikusten dugu erdia Jaurlaritzak jarrita, beste erdia Udalak eta auzoak estaltzea erdi bana", argitu du Koldo Zumaldek. "Erein programak emandako diru laguntza jasoz gero, Udala ere sartuko da egitasmo honetan, baina bestela ez", esan zuen Mikel Biain alkateak abenduan, aurrekontuak onartu ostean.
Diru eskaera hori orain egingo du Udalak eta maiatzean edo ekainean etor daiteke erantzuna. "Eraikina auzoarena da, baina auzoak ez du ezagutza instituzionalik eta diru eskaria erakunde ofizial batek egin behar du. Hala, behartuta gaude Udalari hamar urterako uztera eraikina, eta denbora hori pasatutakoan auzorena izango da berriz, auzora bueltatuko da", argitu du Zumaldek.
Araozko auzo batzordeko kideak joan den urteko apirilean izan ziren Eusko Jaurlaritzako Landa eta Garapen Sailean proiektu horren berri ematen. Egitasmoaren berri eta auzoaren ezaugarriak txosten baten jasota zituztela joan ziren. Urrian, hango ordezkariak, Irma Bastarrika teknikaria bera tartean, izan ziren Araotzen egitasmoaren berri bertatik bertara ezagutzeko.
Zabaldu
Araozko ostatua zabaltzeko datarik ez dute jarri oraindik. Jaurlaritzaren erantzuna aldekoa izanez gero aurrera egingo lukete berehala. Auzoak urteko batzordean, maiatzean, onartu zuen egitasmoarekin aurrera egitea eta zati bat ordaintzea. Auzoari dagokion finantza zama hori arintzeko moduak topatu beharko dituzte gero, "ilusioz eta gogoz".
--------
"Egitasmo estrategikoa da"
Koldo Zumalde, Araozko auzo alkatea
Badira urte batzuk araoztarrek horrelako egitasmo bat egitea pentsatu zutela, "auzoaren eta auzora datozenen premia" asetzeko.
Zein da premia hori?
Ateak zabaldu eta zerbitzua ematea. Luzera begirako plan estrategikoa da, auzoaren aldekoa.
Zer baldintza bete beharko luke ostatua hartzen duenak?
Opor egunetan, Aste Santuan, Gabonetan eta udan, esaterako, zabalik beharko luke ostatuak. Baita jaiegunetan eta bezperetan ere.
Goiko apartamentuetako bat ostalariak hartzeko aukera ikusten duzue.
Bai. Guk uste dugu hobe izango litzatekeela ostatua hartzen duena bertan bizi izatea. Eraikina eskola zenean irakaslea bertan bizi zen, eta horrela ikusten dugu orain ere. Araotz, bestalde, urruti egon daiteke gaueko lanaren ostean etxera joateko edo goizean goiz etortzeko. Pentsatzen dugu ostatutik atera daitekeela soldata bat eta apartamentuena osagarri izango litzatekeela.
Eta ostatua auzotar batek hartuko balu?
Sekulakoa izango litzateke hori, pozgarria oso. Interesa nork izan dezakeen galdetzen hasi beharko dugu laster.
No hay comentarios:
Publicar un comentario