Buscar este blog

miércoles, 8 de abril de 2020

Zergen ordainketa epeak atzeratzea erabaki dute.

goiena



Zergen ordainketa epeak atzeratzea erabaki dute

Hainbat zergaren ordainketa atzeratzea, etxebizitza sozialen alokairuaren kobrantza etetea, oinarrizko produktuak eskuratzeko bonuak sortzea eta gehiago dira neurri Ekonomikoen Mahaiak hartutakoak. Beste neurri batzuen lanketan ere badihardute.
COVID-19aren eraginez herriko hainbat sektore pairatzen ari diren kalteak arintzera bideraturiko neurri ekonomikoak zehazteko mahaia eratu zuen joan den astean Oñatiko Udalak: COVID-19 Neurri Ekonomikoen Mahaia. Udalbatza osatzen duten alderdi bietako udal ordezkariek osatzen dute hori. Izaro Elorza alkatea, Xabier Igartua Ogasun eta Sozioekonomia batzordeburua, Anik Zubizarreta Partaidetza eta Garapen Komunitario batzorde-burua, Ainhoa Galdos oposizioko udal bozeramailea eta Jon Kepa Gerrikagoitia Sozioekonomia batzordeko kidea dira mahaiko kide, baita hainbat alorretako udal teknikariak ere –Ogasun, Sozioekonomia eta Gizarte Zer-bitzuen alorretakoak–. Hain zuzen ere, joan den egubakoitzean egin zuten lehen bilera, eta, besteak beste, gaur artean harturiko neurriak jakinarazi dituzte asteon Gobernu Taldeko kideek.
Hainbat zergaren ordainketa epea atzeratzeko erabakia dago horien artean: Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen Gaineko Zerga irailaren 15era atzeratu da; Ondasun Higiezinen Gaineko Zerga abuztuaren 1etik irailaren 15era atzeratu da eta IBI iraunkorra, garaje eta kanposantuko tasak irailaren 7tik urriaren 15era atzeratu dira. Gainera, kiroldegiko urteko kuotaren zati proportzionala itzuliko da eta ez da bide okupazioagatiko –hesiak, aldamioak, eraikuntza materiala...– zein baratze parkearen erabileragatiko tasarik kobratuko.
Horiekin batera, bestelako ekinbideak ere jakinarazi zituzten. Maker komunitateko kideek EPIak egin ditzaten materiala erostea edo Udalak alokairuan dituen tabernei –Eltzia eta Zu-bikoa Kiroldegia– alokairurik ez kobratzea alarma egoeran derrigorrean itxita egon beharra duten bitartean, Olaburuko zein Olalaneko guneen alokairua ere ez da kobratuko horiek itxita dauden bitartean eta etxeko lanak telematikoki egin ezin dituzten ikasleei Internet sarea ahalbidetzeko 2.000 euroko partida bat sortuko da.
Ostera, Gizarte Zerbitzuen alorrean ere hartu du neurririk Oñatiko Udalak. Besteren artean, etxebizitza sozialen alokairuaren kobrantza eten du; martxan jarri dira diru-sarrerarik ez dutenek oinarrizko produktuak eskura ditzaten bonuak; 20.000 euro gehiago izango dira gizarte arriskuko dirulaguntzetarako eta 35.000 euro gehitu zaizkio gizarte larrialdietarako dirulaguntzen partidari. Orain, 205.000 eurokoa da partida hori.

Profesionalei begirako neurriak

Horrez gain, herriko saltokiei, tabernei, kafetegiei, jatetxeei eta bestelako jarduera profesionalei begirako neurrien lanketarekin ere badabiltzala eman dute aditzera. Esaterako, lanean ari dira alarma egoerak irauten duen bitartean aipaturiko horiek uraren kontzeptu finkoaren eta zaborraren tasarik ordaindu beharrik izan ez dezaten; izan ere, Gipuzkoako Urak-i dagokio horiek kobratzea. Era berean, ez da mahaien eta aulkien bide-publikoaren okupazioagatiko tasarik kobratuko, eta, gainera, uztailaren 1etik urriaren 15era atzeratuko da horren ordainketa.
Joan den egubakoitzekoa izan da COVID-19 Neurri Ekonomikoen Mahaiaren lehen bilera eta lanean jarraituko dutela eman dute aditzera, "hori hasiera besterik ez baita. Lanean segitzen dugu, proposamen berriak lantzen, inguruko ereduak aztertzen, eredu propioak sortzen, hainbat proiektu garatzen, sektore zaurgarrienen egoera ezagutzen... Berandu baino lehen neurri berriak adostuko ditugulakoan nago. Esaterako, herriko dendariei, ostalariei eta bestelakoei laguntzeko proposamen berriak lantzen dihardugu", azaldu du Izaro Elorza Oñatiko alkateak.

No hay comentarios:

Publicar un comentario