Torre Zumeltzegi hotela osasungintzako langileak hartzeko irekiko da
12 logela ditu eta gosaria eta bestelako otorduak emateko gertu daude etxekoak
Torre Zumeltzegi hoteleko arduradunek egun itxita dagoen ostatua eskaini zuten osasungintzako langileek erabili zezaten. Lanaldia amaituta askok ez dute etxera itzuli nahi familiakoak babeste aldera, kobid-19 birusa kutsatzeko arriskua saihesteko, alegia. Langile horiei zuzenduta 19 ostatuko zerrenda osatu da Gipuzkoan, tartean, Torre Zumeltzegi hotela.
Ostatuak 12 logela ditu eta guztiak osasungintzako langileen eskura jarri ditu. Gosaria emango dute eta bestelako otordurik behar izanez gero ere eskainiko diete. Hotel-jatetxeko sukaldea itxita dute baina etxekoek gertatuko dituzte bezeroen otorduak.
Koronabirusak sortu duen alarma egoeran laguntzeko prest azaldu dira Torre Zumeltzegi hotelekoak. Oñatiko ostatuaz gain, Debagoieneko beste bi eskaini dira osasungintzako langileak hartzeko: Elgetako Eguskitza eta Eskoriatzako Gorosarri Landetxeak. Gipuzkoako 14 herritan 19 hotel, pentsio eta apartamentu izendatu dira funtsezko zerbitzuko ostatu, COVID-19ari aurre egiteko. Osasungintzako langileentzat propio irekiko diren ostatuen zerrenda BOEn argitaratu zuen Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministeritzak.
Bezerorik ez dute izan oraindik Torre Zumeltzegi hotelean baina edozein momentutan hartzeko prest daudela adierazi digu arduradunetako batek.
Iturria: Oñati Irratia
No hay comentarios:
Publicar un comentario