2020-02-28 13:34
Eskua bete domina ekarri du Ione Elorzak (Oñati, 1974) egunotan Letterkeny-n (Irlanda) egin duten munduko sokatira txapelketatik. Mokorreko ebakuntza bat tarteko 2016tik baztertuta izan du kirol jarduera hori, baina irailean ezin izan zion ezetzik esan urtero egiten dioten proposamenari, barruan darama sokatira.
Beno, nahiko txukun ditut, baina izan dut zauriren bat. Txapelketa lau egunekoa izan da, eta lehenengo bi egunetan, guztira bederatzi talde ginenez zortzi tiraketa egin behar izan genituen. Eta, ondoren etorri zen selekzioen arteko txapelketa. Hor talde gutxiago ginen, bost guztira.
Espero zenuten urrea janztea? [Alabak, Haizea eta Maddi, ondoan ditu, eta horiek ezetz diote buruarekin].
Hara joan aurretik bagenekien talde oso ona geneukala, Euskal Herri mailako txapelketan hori ikusten genbiltzalako. Baina, zerbaitetan kale egiten genuen, akatsen bat egiten genuen sentsazioak ez zirelako onak. Entrenatzailearekin batera hainbat aldaketa egin genituen, txarto egiten genuen hori zuzendu egin genuen, eta hor hasi ginen gure benetako maila erakusten. Baina bai, Irlandara zalantza handiekin joan ginen.
Lehenago ere izan zara Munduko Txapeldun Badaiotz taldearekin.
Bai, 2002an klub mailan urrezko bi domina irabazi genituen Corken (Irlanda) eta 2012an Holandan ere urrea jantzi nuen.
Diozu indarra baino sokatiran teknika behar dela.
Sokatiran dena da teknika. Badirudi ez dagoela aparteko misteriorik, indarra baino ez dela behar, baina hori baino askoz gehiago da. Teknika ezinbestekoa da, talde lanean jardutea, taldekideak ondo ezagutzea, zela gura den indarra egin, ze erritmotan, ze alturatan...
Urrezko domina horiek irabazi izanak ekarriko du aldaketaren bat?
Munduko txapeldun izanda ere ez dut uste egoera askorik aldatuko denik. Laguntzak behar ditugu, den-dena gure poltsikotik ordaintzen dugulako: bidaiak, jantziak, entrenatzeko eta lehiatzeko materiala... Ez dugu inongo laguntzarik.
Aramaion duela urte batzuk DKS saria jaso zenuen, eta orduan erretiroa hartzekotan zeunden, baina bueltatu egin zara.
Sokatira izugarri gustatzen zaidalako. Adinak ez du barkatzen, eta hau kirol gogorra da, taldekide guztiak bizkarreko minarekin ibiltzen gara, aldakako minarekin... 2016an mokorrean ebakuntza egin eta sokatira uztea erabaki nuen. Baina Badaiotz familia moduko bat gara, jende gaztea etorri da baina hainbat taldekiderekin hamar urte baino gehiago daramatzat taldean. Behin eta berriro esaten zidaten taldera bueltatu behar nuela, eta irailean denboraldia hasi nuen ostera ere.
Bizkarreko minak desagertu egin diren seinale?
Ez, mina hor dago [Barre] baina, ezin dut sokatira utzi. Gainera, taldean denok ibiltzen gara minez, ez da inor libratzen.
Zaletasunetik harago, seriotasunez hartzen duzue sokatira.
Astean hirutan joaten naiz Gasteizera entrenatzera, eta horrekin batera entrenatzaileak bidaltzen dizkigun etxeko lanak egiten ditugu denek: korrika egitera joan, gimnasioa ibili... Bai, seriotasunez hartzen dugu.
Kuriosoa da, selekzio moduan jarduteko klubeko kide guztiek osatzen duzuela taldea, alegia, hautatzaileak ez duela tiratzaile ezberdinen artean aukeraketa egiten.
Talde bakoitzak modu oso ezberdinean egiten duelako sokatiran, eta tiratzaileak horretara gaude ohituta. Denbora beharko genuke denek bat egiteko. Errazagoa da klub bateko tiratzaileen artean osatzea selekzioa.
Oñatin ez dago sokatira talderik, zelan hasi zinen kirol honetan?
Gurasoek taberna zuten Gasteizen, orduan han bizi ginen, eta Badaiotzeko entrenatzailea tabernako ezaguna zen. Neskak behar zituztela esaten zigun, eta ahizpa eta biok animatu ginen.
Alabek ere sokatiran egin gura dutela diote...
Esaten diet ea ezin duten gainontzekoek moduan kirol jarduera normal bat aukeratu: saskibaloia, eskubaloia... Zer dakit ba! [Barreak]. Badaiotzen ez dugu kategoria txikietako talderik, eta oraindik gazteak dira seniorrekin ibiltzeko –14 eta 12 urte dituzte–. Gorputza gehiago egin behar zaie oraindik, eta astean hirutan Gasteizera etortzea eta etxerako lanak egitea ez dakit oso bateragarriak diren. Ilusioa egingo lidake, baina euren ama ere banaiz eta...
No hay comentarios:
Publicar un comentario