Hautagaitzak proposatzeko prozesua abenduaren 9an amaituko da EH Bilduren baitan
Oñatiko EH Bilduk azaroaren 26an ireki zuen alkategaiak proposatzeko barne prozesua, eta atzo eman zuten ezagutzera lehen hautagaiaren izena: Izaro Elorza Arregi. Mikel Biain egungo alkateak aurkeztu zuen. 35 urteko oñatiar hau 2 alaben ama da. Formazioz, telekomunikazio ingeniaria eta proiektu kudeaketan masterra dauka. Egun, MVE enpresan zuzendari teknikoa da.
Alkateak berak ez ezik, udal gobernu taldeak, hainbat zinegotzi ohiek eta herritarrek babesa eman zioten atzo Elorzari hautagaitza aurkezteko agerraldian. EH Bilduren barne arautegiaren arabera 15 bilkidek babestu behar dute zerrendaburu izateko hautagaitza eta Elorzaren abalista zerrenda eremu sozial zein instituzionaletan aritu diren hainbat pertsona ezagunek osatu dute, esan bezala. EH Bilduren baitan hautagaitzak proposatzeko azken eguna abenduaren 9a izango da eta beste hautagaitzarik aurkeztu ezean automatikoki Izaro Elorza alkategai aldarrikatuko da abenduaren 15ean.
Izaro Elorzak jasotako babesa eskertu zuen atzoko agerraldian eta EH Bilduk udal mailan egindako lanari jarraipena emateko ilusioz dagoela esan zuen. Elkarlanerako gonbidapena egin zuen eta abenduaren 15ean Gaztelekuan egingo den tailerrean parte hartzera deitu zituen herritarrak. Harittu prozesuaren baitan Ekintza plana osatzeko tailerra egingo da abenduaren 15ean.
Iturria: Oñati Irratia
No hay comentarios:
Publicar un comentario