Urdaneta 19 - 32 Fagor Industrial Aloña Mendi
Garaipen garrantzitsua gaur goizean Aranbururen mutilek Loiun eskuratutakoa. Jai-egunak eta aurkaria tarteko, arriskutsua zirudien gaurko lehiak, baina bigarren zati aipagarri baten ostean bi puntu ederrekin etxeratu dira oñatiarrak.
Norgehiagokaren lehen ordu laurdenean ez da kontrolik izan kantxaren gainean. Bi taldeak korrika egiteko beldurrik gabe irten dira, eta joan etorrian inork ez du abantaila argirik lortu. Bigarren laurdenean, baina, gorritxoek bizkaitarren trantsizioak gelditzea lortu dute, eta erasoan asmatuz abantaila politarekin egin dute aldageletarako bidea (12-15); gaizki aritu gabe, baina estutzeko tartea zutenaren jakitun hartu dute atsedena. Aldageletako Aranburu eta Benitoren hitzek eragin zuzena izan dute bigarren zatian. Defentsako huts txikiak zuzenduz eta atezainen laguntzarekin, hain ohikoa duten joku bizi eta dinamikoa egiteko abagunea izan dute, eta ez dute barkatu. Orduerdian 7 eta 17ko partzial esanguratsua eskuratuz, ahoz zapore ederra utzi du Urdanetara bisitak. Aipagarria jokatzeko zeuden taldekide guztiek izan dituztela minutuak, eta hamaika lagunek lortu dutela golen bat sareratzea. Zorionak mutilak!
Urtea amaitzeko bi jardunaldi soilik falta dira, eta horietako bakarra jokatuko da Zubikoan. Hain zuzen, datorren larunbatean Deusto-Loiola talde bilbotarraren bisitarekin itxiko dute Oñatin 2018 eder hau. Ea Zubikoako urtea garaipen batekin amaitzeko gai diren!
Aupa Aloña!
No hay comentarios:
Publicar un comentario