Buscar este blog

martes, 3 de septiembre de 2019

Oñati eta Legazpi arteko errepidea irailaren 16an itxi egingo da, lau hilabetez.

2019/09/03.

Olaran errekako zubiak birgaitzeko lanak egin behar dira
  Udanako mendatea hasten den gunetik Olakua auzoko sarrera bitartean Olaran erreka lau aldiz pasatzen da GI-2630 errepidearen azpitik. Errepide azpiko zubi horien egoera ordea ez da ona eta konpondu egin behar dira. Lanak datorren astean hasiko ditu Foru Aldundiak. Obrak lau hilabeteko epean egingo dira. Horrek, errepidea bera trafikorako ixtea eragingo du. Lanak irailaren 9an hasiko badira ere Oñati eta Legazpi arteko bidea hurrengo astean, irailaren 16an itxiko da trafikorako. Egoiliarrek, Olabarrietako bizilagunek soilik izango dute bertatik pasatzeko aukera, bertatik edo inguruko auzo bideetatik; GI-2630 errepidea zatika konpondu eta itxiko baita.
  Lanak bi fasetan egingo dira: lehenengo faseko lanak 13+320 eta 13+650 puntuetan, Udanatik hurbilen dauden bi zubietan egingo dira eta bigarrenak 14+560 eta 14+840 KPtan dauden beste bietan, Artxubi baserria eta Olakuako lehen semaforoa bitarteko zatian. Bi kasuetan egoiliarren trafikoa auzo-bidetatik desbideratu egingo da.
  Oñati eta Legazpi arteko errepidea ixteak Arrasate-Oñati-Zumarraga autobus lineari eragingo dio. Linea moztu egingo da eta Arrasate eta Oñati artean soilik beteko da. Bidaiarientzat alternatiba moduan, Zumarraga-Antzuola-Bergara linea erabiltzea proposatzen da, doako autobus aldaketa eskainiz Arrasatera doazen lineak hartuta.
  Lau hilabetez luzatuko den trafiko mozketa honen berri jakinarazteko, ordezko ibilbideak adierazi eta seinaleztatzeko, nahiz sortu daitezkeen beste behar batzuk nola bideratu zehazteko, udala eta foru aldundiko ordezkariek bilera egitekoa dute astean zehar.
  Diputazioak birgaitu behar dituen GI-2630 errepideko Olaran errekaren gaineko lau zubiek kalteak dituzte bereziki lauzen handitzeetan, armadura janda eta agirian duten eremu handiak baitaude. Proiektuaren arabera egun dauden hormigoizko handitzeak eraitsiko dira eta berriro egingo dira. Horretarako, aurrefabrikatutako hormigoizko lauzak erabiliko dira errepidearen zabalera osoan. Hondatutako piezak garbitu eta, hala badagokio, berregingo dira eta euste elementuak ere jarriko dira, hau da, hormigoizko karelak jarriko dira eta zoladura berrituko da. 
Iturria: Oñati Irratia
Birgaituko den zubietako bat

No hay comentarios:

Publicar un comentario