2018-01-09 15:51:29
MARTXOKO AZKEN ASTEBURUAN JOKATUKO DIRA FINALERDIAK ZUBIKOAN
Oñatin erabakiko dira II Emakume Master Cup txapelketako finalistak
Atzo aurkeztu zuten Laboral Kutxaren Bilboko egoitza berrian, binakako Emakume Master Cup-en bigarren ekitaldia. Hile amaieran hasiko da txapelketa Gasteizen eta finalak, pilotaren katedralean, Astelena pilotalekuan, jokatuko dira apirilaren 1ean. Finalerdi erabakiorrak, astebete lehenago jokatuko dira Oñatiko Zubikoa kiroldegian.
Berrikuntzekin aurkeztu zuten atzo Bilbon, Emakume Master Cup binakako txapelketaren ekitaldi berria. Orain arteko Lehenengo maila eta Elite maila berrizendatu egin dira, gizonezkoentzat erabiltze diren mailen izendapenekin parekatzeko. Gauzak horrela, iazko Lehenengo maila, aurten Promozio-maila izango da eta Elite maila -maila gorena-, Lehen maila bezala jokatuko da.
Honenbestez, bi mailetan banatuko da txapelketa eta izen-ematea zabalik dago. Gaurtik, urtarrilaren 19ra arte egin ahal izango da inskripzioa txapelketako web-orriaren bidez. Komeni da gogoratzea, Promozio-mailarako, bikoteak eman behar duela izena; Lehen mailarako, ordea, izen-ematea banaka egin behar da, antolakuntzak egingo baititu bikoteak. Txapelketako arduradunek dagoeneko 25 bikote dituzte lotuta baina zenbakia, dexente handitzea espero da.
Hasiera hile amaieran
Txapelketa hil honen amaieran hasiko da. Lehenengo kanporaketak Gasteizen jokatuko dira, ondo bidean, Mendizorrotzako pilotalekuan. Ondoren Bizkaia aldera joko dutelarik. Larrabetzu, Markina eta Santurtzin ere jokatuko baitira lehia ezberdinak. Zatirik erabakigarrirenean ordea, Gipuzkoara egingo du salto txapelketak.
Emakumezkoen esku pilotak lurraldean hartu duen indarra, metatu, saritu eta erakusteko ekarriko da fase erabakiorra gurera. Hori horrela, finalerdiak Oñatin jokatuko dira martxoko azken asteburuan, eta finalak, non eta Eibarko Astelena mitikoan. Okerrik ezean, azken bi asteburuak, Oñatikoa eta Eibarrekoa ETBk zuzenean emango ditu.
Oñatiko bikote bat, txapelketaren lehen ekitaldian |
No hay comentarios:
Publicar un comentario