Buscar este blog

viernes, 3 de enero de 2025

EUSKAL MAGOEN GALA.

 goiena

Euskal magoen gala Oñatin, "mugimendu berri baten hazi" izatea nahi duena

Jokin Bereziartua Lizarazu 2024ko abe. 27a, 09:12
Euskal magoen gala Oñatin, "mugimendu berri baten hazi" izatea nahi duena
Potx magoa, ikuskizun batean; Santa Anako galako gidaria izango da.

Urtarrilaren 4rako, magia ikuskizun berezia antolatu dute Oñatiko Santa Ana antzokian (17:30), 30 urtetik beherako bost magorekin. Galaren gidari lanetan arituko den Oñatiko Potx magoak espero du euskal magiaren mugimendua saretzen lagunduko duela. Sarrerak salgai daude.

Urte berriarekin batera, urtarrilaren 4an, magia gala izango dute Oñatiko Santa Ana antzokian (17:30). Josu Zubia edo Potx magoa izango da galaren gidaria, eta honela azaldu dio GOIENAri nondik datorren Oñatin magia gala bat antolatzeko ideia: "Urte batzuk daramatzat magia munduan, baina hasi nintzenetik ia beti egon izan naiz bakarrik. Izan ere, duela urtebete inguru hasi nintzen beste mago batzuk ezagutzen; bereziki, galen bidez. Horrela konturatu nintzen magook bagenuela saretzeko beharra".

Master bat egin zuen, Euskal Herriko magia zein egoeratan dagoen jakiteko: "Masterra euskal kulturgintzako eragiletzaren ingurukoa izan zen, eta orduan nire lana izan zen euskal magia aztertzea. Bada, ondorio lazgarriak atera nituen; hau da, euskal magia antolaturik ez zegoela. Ez dago euskaraz funtzionatzen duen magia elkarterik; magia bereziki gutxi ekoizten da euskararen lurretatik edo betaurrekoetatik".

Euskal magiaren basamortua

Egoera "lazgarri" horri buelta emateko ekintzetako bat izango da, hain zuzen ere, urtarrilaren 4ko gala. Bost euskal mago egongo dira Santa Anan: Oñatiko Potx magoa, aurkezle eta gidari lanetan; Azpeitiko Iago Azkue; Usurbilgo Oier Agirresarobe –Euskal Herriko gazteena da, 13 urterekin–; Oreretako Maria Arandia; eta Markinako Oier Jurado. "30 urtetik beherakoak izango gara Santa Anako oholtzara igoko garen mago guztiak; hori izan daiteke baikorra izateko motibo". Potx magoak herritarrak deitu ditu urtarrilaren 4an Santa Ana antzokira joan daitezen: "Magia ikuskizun berezia izango da, Euskal Herrian ikustera batere ohituta ez gaudena. Halako magia galak hirietan dira askoz ohikoagoak, eta bazen garaia euskaraz egindako magia herrietara ere ekartzeko. Magoak ez dira ezagunak izango ikus-entzule gehienendako, baina merezi izango du; trikimailu sinestezinak ekarriko dituzte. Sentsazioa daukat mugimendu berri baten hazi izan daitekeela gala bera". Sarrerak www.oñati.eus webgunean eta Txokolateixan daude salgai, bost eurotan.

No hay comentarios:

Publicar un comentario