22025/01/23.
Enpresa txiki eta ertainen eraldaketa digitalean laguntzeko programa abiatuko du Debagoieneko Mankomunitateak
Ekimena aurkezteko tailer praktikoa antolatu da datorren ostegunerako
Eskualdeko enpresa txiki eta ertainei digitalizazioaren erronkari aurre egiteko Debagoiena ETE Digitala programaren edizio berria martxan jarri du Mankomunitateko Garapen Agentziak, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean. Programaren helburua da enpresek, epe motzera, eraldaketa digitalerako plan bat izatea. Horretarako aholkulari talde aditu bat jarriko da enpresen eskura, dohainik. Ondorioz, egitasmoan parte hartzen duten enpresek digitalizazio-aukera pertsonalizatuak definitu, kuantifikatu eta lehenetsi ahal izango dituzte.
Enpresek jasoko duten zerbitzuak hiru oinarri izango ditu: abiapuntuko egoera-diagnostikoa eta azterketa; eraldaketa-plan bat eta bertan jasotako ekintzak ezartzeko teknologiak identifikatzea eta definitutako proiektuetatik bat lehenetsi eta maila teknikoan lehen urratsak ematea. Lan hori egiteko eskualdeko Garapen Agentziak digitalizazioan adituak diren aholkularien zerrenda eskuratuko die enpresa ordezkariei, beraien behar eta lehentasunetara ondoen egokitzen dena aukeratu dezaten.
Baina ETEn eraldaketa digitalean laguntzeko programa hau aurkezteko tailer praktikoa egingo da Mankomunitatearen egoitzan, datorren ostegunean. Zure enpresan digitalizatu ditzakezun prozesuak identifikatu nahi dituzu? izeneko saioa egingo da. Dinamika erraz baten bidez, digitalizatzeko potentziala duten enpresa-prozesuak berrikusi, identifikatu eta ebaluatu ahal izango dituzte parte hartzaileek. Amaieran, ibilbide-orri bat jasoko dute, beraien erakundearen plan digitala diseinatzen hasteko. Gainera, industria-sektoreko enpresa txiki, ertain eta mikroen kasu praktikoak ezagutzeko aukera egongo da. Tailer praktiko hori urtarrilaren 30ean izango da, 9:30etatik 11:30etara.
Informazio gehiagorako https://www.debagoienaetedigitala.eus/eu/hasiera/ sartu liteke. Izena ere bertatik eman behar da.
Iturria: Oñati Irratia
No hay comentarios:
Publicar un comentario