Buscar este blog

martes, 15 de octubre de 2024

VERDURI HALL- KONTZERTUAK.

 2024/09/22.

Verduri Hall Oñatiko Gaztelekua




Udako geldialdiaren ostean, indartsu hasi dugu denboraldia eta oñatiko jaixak hurbiltzen ari direla aprobetxatuz, urritik urtarrilaren hasierara bitartean Verduri-Hall-en egongo diren kontzertuen berri ematera gatoz!
Urriaren 19an, Olatz Salvadorrek, Zainak eraman laneko bira estreinatuko du Verduri-Hallen. Lan berri honetan, olatzen ohiko doinu goxoak elektronikarekin uztartu ditu musika estilo berriak probatuz. Disko honetan, Izaro mallabiarrarekin egindako kolaborazio bat ere eskaini du, besteak beste.
Urriaren 27an, matinee kontzertua izango dugu Mila Modu talde oñatiarraren eskutik.
Haien azken lana den Kenopsia diskoan era guztietako kantak aurkituko ditugu; rock erritmo klasikoak eskaintzen dizkigun Xakeko zaldia abestitik, pianoak gidatzen duen Infernuan lekurik ez abesti geldo eta bareagoraino.
Azaroaren 9an, Anker eta Anestesia taldeei esker metal doinuak ekarriko ditugu Verduri-Hallera.
Anker talde legazpiarraren musikan gitarra indartsuek eta distortsioa nabarmentzen dira, baxu eta bateriaren laguntzarekin batera. Lurperatutako Istorioak da haien azken lana.
Anestesia taldea, berriz, euskal metal musikako erreferente handietako bat da. 1988an sortutako thrash eta hardcore taldeak, metal musika oraindik indartsu dirauela erakustera etorriko da.
Abenduaren 1ean, Idoia abeslari aramiorra etorriko da gugana. 2024ko martxoan aurkeztutako De amar y desandar lanarekin. Lan honetan, nahasketa eta proposamen berriak bilatu ditu Idoiak. Horren erakusle da Haritz Olaeta rap abeslari oñatiarrarekin batera aurkeztu zuen Sarearena abestia.
Azkenik, Urtarrilaren 11an Keia eta Delirium Tremens taldeek eskeinitako kontzertua izango dugu Verduri-Hall Gaztelekuan.
Ane Arruti abeslari zarauztarrak gidatzen duen talde oñatiarra da Keia. Anerekin batera, Iker Martinez de Zuazo, Iñigo Ibarrondo eta Egoitz Olaldek osatzen dute taldea. Keiak, pop eta rock ikutuak dituen musika eskaintzen du, beti ere Aneren ahotsak lagunduta. 2024 amaieran aurkeztuko duten lana aurkeztera etorriko dira urtarrilean.
Delirium Tremens talde mutrikuarrak ia ez du aurkezpenik behar. 90eko hamarkada hasieran egindako geldialdi luzeari amaiera eman zioten 2022an eszenatokietara indartsu bueltatuz Hordago lanarekin.
Rock musika landuari, Andonik abesteko duen aparteko era eta letra esanguratsuak gehitzen badizkiogu, erraz ulertzen da Delirium Tremens taldeak izan zuen eta egun duen arrakasta.
Verduri-Hall gaztelekuan programatu ditugun kontzertuez aparte, azken sorpresatxo bat ere badaukagu…
Ohi bezala, aurtengoan ere etxeko txikienentzako Go!azen 11.0 ikusteko aukera izango dute Santa Ana antzokian. Aurtengo edizioan, azken urteetako ohiko pretsonaiez gain, Garazi, Bosko, Gontzal, Saioa… Ander Murillo oñatiarrak Manex bihurtuko da telesailean.
Ostiralero telebistan ikusten dituzunekin batera abestu eta dantzatzera anima zaitezte!
KONTZERTU ETA EMANALDI GUZTIEN SARRERAK IRAILAREN 28AN JARRIKO DIRA SALGAI, ONATI.EUS ATARIAN ETA TXOKOLATEIXAN.

No hay comentarios:

Publicar un comentario