Buscar este blog

viernes, 11 de octubre de 2024

MARIJO ETXEGOIEN ARZUAGA LEGEBILTZARKIDE.DA, GAURDANIK.

2024/10/11.



Jeltzale oñatiarrak, Mª Eugenia Arrizabalaga ordezkatu du

  Mª Eugenia Arrizabalagak Eusko Legebiltzarraren aktari uko egin zion eta gaurko dataz jada, Marijo Etxegoien agertzen da legebiltzarkide moduan, zumaiarraren ordez. EAJk legebiltzarrean duen 27 ordezkarietako bat izango da Etxegoien, XIII. legealdi honetan.

  Marijo Etxegoien EAJko afiliatua da 2000. urtetik. Hirutan izan zen Oñatin zinegotzi: 2003-2007, 2015-2019 eta 2019-2023 legealditan. Zuzenbidean Lizentziatua, aholkulari juridikoa da Emakunden. Apirilean egin ziren Eusko Legebiltzarrerako azken hauteskundeetan hautagai izan zen, Gipuzkoako zerrendetan 10. lekua beteaz. Orain, zerrenda horretan hirugarrena zen Mª Eugenia Arrizabalaga ordezkatuko du eta legebiltzarkide moduan zein batzordetan parte hartuko duen erabaki beharko du. Arrizabalagak hiru batzordetan parte hartzen zuen: Mugikortasun Jasangarria; Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuna eta Erregelamendu eta Gobernu batzordeetan.

  Mª Eugenia Arrizabalagak legebiltzarkide izateari uko egin badio ere, Gipuzkoako Batzar Nagusietan duen lekuari eusten dio. Euzko Alderdi Jeltzalearen berritze prozesuren baitan kokatu dute zenbait mediok Arrizabalagak Legebiltzarra utzi izana, eta Gipuzkoa Buru Batzarreko egungo lehendakari Egibarren balizko kargu uzterako hautagai izan daitekeela argitaratu da.

Iturria: Oñati Irratia

No hay comentarios:

Publicar un comentario