Buscar este blog

martes, 3 de diciembre de 2019

Lau eskaintza jaso dira berez garbitzen den komuna hornitu eta instalatzeko prozedurara.

2019/12/02.

Komuna Torreauzo eta Madalena arteko bidegorriaren alboan kokatuko da, Munazategi inguruan

  Partaidetzazko aurrekontuak prozesuan herritarren babesik zabalena jaso zuen proposamena izan zen paseo lekuetan erabilera publikoko komun irisgarria jartzearena, botoen % 97arekin. San Pedro eta Madalena arteko ibilbidearen alboan kokatuko dena eskuratzeko hornidura eta instalazio prozedura abian da. Ostiralean amaitu zen proposamenak jasotzeko epea, lau enpresa aurkeztu dira.
  Ezaugarri bereziko komuna eskatu zuen udalak, altzairu galbanizatuzko egitura duen komun-kabina, barrualdean oztoporik gabeko 1,80 m. diametrodun zirkulua, gehienez 3 tona eta erdiko pisua duena eta gehienezko potentzia elektriko jakin bat eskatuko duena. Ur-hargunea eta hustubidea kabinaren eskuin aldean izango duena izatea ere eskatu du udalak. Baina oinarrizko ezaugarri horiezaz gain beste batzuk izatea bereziki baloratuko dira, adibidez: 7,35 metro karratuko azalera eta bi metro eta erdiko altuera izango duen kabina izatea, kanpotik, alertze egurrezko akabera eta barrutik, altzairu herdoilgaitzeko estaldura izatea. Atea ere, berezia, elektroiman bidez ixteko sistema eta sakagailu bidez barnetik irekiko den altzairu herdoilgaitzeko ate blindatua izatea  eta komuna ez ezik, eskuak garbitzeko konketa ere izatea, besteak beste.
  Esleipen prozesuan aipatu hobekuntza hauek kontuan hartu eta baloratuko dira baina ez hori bakarrik. Hornidura epea bost astera mugatu du udalak eta epe hori murrizten duten eskaintzak bereziki baloratuko dira, berme epea eta asistentzia teknikoa hobetzea baloratuko den bezala. Baina guztien artean nagusi, eskaintza ekonomikoa izango da, gehienez emango diren 100 puntuetatik 75 kontratuaren prezioaren arabera banatuko baitira. Berez garbitzen den komun baten hornidura eta instalazioa esleitzeko prozedura honen lizitazio prezioa 42.350 eurotan mugatu du udalak.
  Torrauzo eta Santxolopetegi auzoen arteko bidegorriaren alboan, Munazategi inguruan prestatu da komun irisgarri hau egokitzeko lekua. Ur eta argindar hornidura nahiz komuna instalatzeko plataformari dagozkion lanak udal brigada taldeak egin zituen uztailean. Jaso diren lau proposamenak aztertu eta esleipena, datozen asteetan egin asmo da, urte berria hasteaz bat komuna instalatzeko lanak gauzatu daitezen.
  Partaidetzazko aurrekontuak prozesuan San Pedro eta Madalena artean komuna jartzeko proposamenak baino boto gehiago eskuratu zituen Olabarrieta eta Asentzio arteko bidean beste bat jartzeak. Baina Olabarrietako errepidea konpontzeko lanek atzeratu dute komun hori instalatzeko prozedura. Hurrengoa izango da.


Iturria: Oñati Irratia

No hay comentarios:

Publicar un comentario