Asteburu bikaina osatu du Amaia Bernalek. Argazkia: Javier Zatarain |
2018-02-27 10:51:20
GARAIPEN BAT ETA HIRUGARREN POSTU BAT LORTU DITU ASTEBURUAN
Emaitza positiboak pilatuz jarraitzen du Amaia Bernalek
Asteburu borobila osatu du Amaia Bernalek. Larunbatean Hernaniko Sagar Lasterra herri lasterketa irabazi zuen eta hori gutxi balitz, igande goizean, Ormaiztegiko Sahara Krosean ere, onenen artean ikusi genuen, podiumeko hirugarren postuan. Urte hasiera honetako bigarren garaipena izan da asteburukoa.
Sasoi betean jarraitzen du Amaia Bernal korrikalariak. Asteburuan lehiatu dituen bi lasterketak emaitza bikainekin amaitu ditu. Larunbat goizean, Hernaniko Sagar Lasterra herri lasterketaren XII. ekitaldian izan zen eta emakumezkoen arteko sailkapen orokorrean, ez zuen areriorik izan. 8,9 kilometroko lasterketan, azkarrena izan zen Oñatikoa. 35 minutu eta 14 segundutan gurutzatu zuen helmuga, eta 30 segundutik gorako aldea atera zion, Lourdes Colomo zizurkildarrari (35:54). Podiuma, Maria Lopez (36:53) hernaniarrak osatu zuen.
Atsedenik hartzeko astirik gabe, 24 ordu geroago, Ormaiztegiko Sahara Kroseko irteeran zegoen Bernal. Eta hemen ere, maila polita eman zuen txantxikuarrak. Ezin izan zuen bezperako postua berdindu, baina uneoro, sailkapeneko aurrekaldean ibili zen. 10 kilometroko ibilbidean azkarrena, Izaro Rubio (38:26) izan zen eta bere atzetik, Maialen Muñoz (39:20) eta Amaia Bernalek (40:30) osatu zuten emakumezkoen podium ofiziala.
No hay comentarios:
Publicar un comentario