Buscar este blog

martes, 28 de febrero de 2017

Aloñako korrikalari gazteak maila onean..(2017)

ok magazinea

Aloña Mendiko kadete mailako taldea Oropesa del Mar-en
2017-02-28 17:28:27
KADETE MAILAKO TALDEA 27. POSTUAN SAILKATU ZEN
Aloñako korrikalari gazteak maila onean, Espainiako kros txapelketan
Aloña Mendiko harrobiko korrikalariek maila bikainean jarraitzen dute. Pasaden astean Gipuzkoako txapelketan bi domina lortu ostean, asteburuan, taldekako Espainiako txapelketan lehiatu dira Oropesa del Mar-en. Igor Mugarza eta Gexan Anduaga oñatiarrek, Aitor Monasterio eta Alex Ortizekin batera, lan bikaina egin zuten kadete mailako lasterketan eta sailkapen nagusian 27. postura eraman zuten Aloña Mendi.

Taldekako kros txapelketa jokatu da asteburuan Oropesa del Mar-en eta Aloña Mendiko korrikalari gaztetxoek maila bikaina eman dute beste behin. Estatuko korrikalari onenak elkartu zituen hitzorduak eta kadete mailako taldeak 27. postua eskuratu zuen sailkapen orokorrean. Igor Mugarza eta Gexan Anduaga oñatiarrek, eta Aitor Monasterio eta Alex Ortizek osatu zuten taldea eta bakoitzak maila indibidualean eginiko lanari esker, Aloñak aipatzeko moduko emaitza lortu zuen.

Aitor izan zen guztietan azkarrena sailkapen nagusiko 30. postua eskuratuta baina Igor Mugarza txantxikuarraren lana ere aipagarria izan zen. 75. postuan zeharkatu zuen helmuga, baina bere adinekoen artean -infantil maila- 11. atleta azkarrena izan zen.

Seniorrak bederatzigarren

Kadete mailako taldeaz gain, senior mailako taldea ere lehiatu zen txapelketan. Kasu honetan iazko postu berbera errepikatu zuen. Aloña bederatzigarren talde onena izan zen sailkapen nagusian baina aurten, beste nortasun bateko taldea eraman zen txapelketara. Aloña Mendi izenarekin, baina oñatiarrik gabeko taldea izan baitzen.

Yeray Varela, Sergio Garcia edo Mikel Ugarte bezalako korrikalariak, arrazoi ezberdinak tarteko ez ziren txapelketan izan zeta beraz, taldeak Oñatiko nortasun gutxi izan zuen zoritxarrez. Azken urteetan joera hau hartu duen proiektua da Aloñarena. Guztiz errespetagarria, baina zalantzak edo iritzi kontrajarriak sortu ditzakena.

Beñat Guridi Euskadikoan

Bestalde, Beñat Guridi gazte mailako korrikalaria Euskadiko txapelketan izan da asteburuan. 1.500 metrotako lasterketan lehiatu zen eta marka pertsonala egitearekin batera (00:04:27), garrantzia handiko bostgarren postua lortu zuen sailkapen orokorrean.

Bi domina Gipuzkoakoan

Espainiako txapelketaren aurretik, otsailaren 19an, Hernanin, Gipuzkoako txapelketa jokatu zen. Eta hemen ere, beste bi domina lortu zituzten Aloñako korrikalari gazteek. Igor Mugarza bigarren sailkatu zen infantil mailan, eta Enaitz Arabaolaza hirugarrena izan zen alebinetan.

No hay comentarios:

Publicar un comentario