Buscar este blog

jueves, 9 de mayo de 2024

TXUTXIN, OÑATIKO DANTZA MAIXUA ( Txistulari baten begiradatik )

 dantzan.

2024/05/08 08:00
Txutxin, Oñatiko dantza maisua (txistulari baten begiradatik)

Jesus Irizar "Txutxin", 2013-06-2.

2024ko maiatzaren lehena jai eguna izateaz gain egun goibela izan zen askorentzat. 74 urte zituela, Jesus Irizar Etxezarreta “Txutxin” gure artetik joan zitzaigun. Artikulu honetan ez naiz bere bizitzaz edo bere dantza ibilbideaz arituko, nik baino gehiago dakitenek egin baitute dagoeneko. Nire asmoa, urteetan alboan izan duen txistulari baten begiradatik Txutxin nolakoa zen erakustea da.

Hamasei urte izango nituen Txutxin lehen aldiz ezagutu nuenean. Ni orduan hasia nintzen txistua ikasten Oñatiko Musika Eskolan Aitor Madinarekin eta trebetasun pixka bat hartu nuenean Oñatzeko umeen entsegu batzuetara joaten hasi nintzen beste lagun batzuekin batera. Nire begiradatik, Txutxin zaharra zen (nahiz eta ni orain naizena baino gazteagoa zen orduan). Garai haietan nahiko lotsagabea nintzen (adin bakoitzak bere kontuak ditu) baina berari zuzentzeko bi aldiz pentsatu beharra nuen. Aiurri gogorreko pertsona zen orduan, baita gero ere. Pentsa zer errespetu nion, behin adinean aurrera joan nintzenean, zaila egiten zitzaidala horrelako pertsona bati Txutxin deitzea eta Jexux deituta zuzentzen nintzaion orain dela ez hainbeste arte: “Jexux, ensaiua zortziretan izango da, ez? Gu lau fango gara.”

Denborak izaera gogorreko gizon hori ezagutzeko aukera eman zidan eta konfiantza hartu nuen berarekin. Behin txistua eta danbolina erraztasunez jotzen hasi nintzenean haurren dantza saioetara bakarrik joaten hasi ginen txistulari kuadrillatxo bat. Igande goizetan, kosta egiten zitzaigun goiz jaiki eta autobusean ume pila batekin beste herri batera joatea. Autobusean, han egoten zen beti Txutxin, lehen ilaran eseri eta artalde osoa kudeatu nahian. Eta orduan konturatzen ez banintzen ere, hori da beragandik azpimarratu daitekeen ezaugarrietako bat: han egoten zen beti. Igandea joan, igandea etorri, gurekin etortzen zen Arrasatera, Mutrikura, Bergarara…

Zein xatok haurren egunera?

Orduan izan nituen berarekin nire lehen elkarrizketak eta hurbileko pertsona ere izan litekeela ikusi nuen. Konfiantzaz hitz egiten zigun eta guk orduan ulertzen ez genuen garrantzia ematen zigun; berarentzat ezinbestekoa zen jende gaztea txistuarekin dantzara hurbiltzea; guretzat aldiz, egun pasa ederra izaten zen kuadrillan, beste txistulariekin eta beste dantza taldeetako arduradunekin. Txistua jo, egiten genuen, noski, baina egunaren edertasuna lagunek ematen zuten, bai txistulariek eta bai dantzariek.

Egun horietako batean, Oñatzeko umeek Oñatiko dantzak egin behar zituztela eta, gorbatak prestatzen ari zen Txutxin beste guztiok hamarretakoa jaten genuen bitartean. Nik orduan banekien gorbataren korapiloa egiten, baina hurbildu egin nintzaion eta berak nola egiten zuen galdetu nion. Erakutsi zidan Oñatiko dantzak egiteko zer nolako korapiloa behar den eta geroztik, makina bat aldiz lagundu diet dantzariei jardun horretan. Neronek ere korapilo hori erabiltzen dut gaur egun txistua jotzeko galazko trajea janzten dugunean.

 Txutxin haur bati gorbata jartzen (2023-10-22)

Ni adinean aurrera joan ahala, berarekin harreman estuagoa izaten hasi nintzen. Txistu taldean nire eginkizunak ardura handiagokoak izaten hasiak ziren eta horrek dantza entsegu gehiagotara joatea eskatzen zidan. Ez dut gezurrik esango, batzuetan ez zen erraza izaten berarekin adostasun batera iristea. Gure izaerak oso desberdinak ziren eta askotan talka egiten genuen. Eztabaidatu ere, asko egiten genuen. Egia esan, Txutxinekin eztabaidatu ez duenak berarekin harremanik ez zuelako izan da, hori ezin da ukatu. Berak oso garbi izaten zituen bere lehentasunak eta gauzak egiteko jarraibideak eta ni ez nintzen besteek esaten zutenarekin konformatzen ziren horietakoa. Hala ere, uste dut beti errespetuz tratatu dugula elkar eta bai berak eta bai nik jakin izan dugula muga non zegoen. Haserretu ginen askotan, bai, baina berriro adiskidetu ere bai.

Ensaiuan belaunakin ez badozue lurra joten elizan be ez dozue joko!

Tentsiorik handienak beti Korpuzti egunerako entseguetan izaten ziren: han zeuden dantza pausoak ondo zekizkiten mutil asko(1), baina dantza nolakoa zen zekiten gutxi batzuk besterik ez. Entzutekoak ziren gure danbor hots eta kriskitinen artean bere deiadarrak, dantzariek beraien ahaleginak egiten zituzten bitartean. Berak garbi zeukan dantza ez zela pauso segida bat bakarrik, herriaren aurrean egiten zen emanaldia baizik, eta horretarako dantzaren pausoak baino askoz gauza gehiago izan behar dira kontuan: gorputzaren jarrera, dantzari bakoitzaren kokapena plazan, isilik eta geldi egon behar diren uneak… Dantzari asko hori ulertzera ez direla iritsi esango nuke, ezta txistulari asko ere.

Danborra etorri dok?

Eta hor dago dantzariak eta txistulariak batera joateko beharra. Ez naiz luzatuko Oñatiko Korpus dantzen erritmoari buruzko teoriak azaltzen, dagoeneko idatzia baitago idatzi beharrekoa(2). Nik Oñatzekin barneratu nituen orduan ulertzen ez nituen kontzeptuak: erritmo bat jotzen ari ginelakoan, beste bat ari ginen jotzen, partiturari begira baina partiturari kasurik ere egin gabe (zinkoporotxua Vs. tresporotxua, ulertu behar duenak ulertu du). Txutxinek berak ez zituen ulertzen kontzeptu horiek era musikalean azalduta, baina bazekien nola dantzatu behar ziren dantza horiek eta nola jo behar zituzten txistulariek: kriskitinen erritmoari jarraika, noski.

Zeinek jo bixok primerua?

Ez zitzaion gauzak airean uztea gustatzen; guztia lotuta, ondo lotuta bazegoen, hobeto. Eta batzuetan, gure onetik ere ateratzen gintuen. Korpuzti jaien bezperatan urduritasunak izaten ziren nagusi eta entseguen bukaeran askotan etortzen zen txistulariongana guztia lotuta zegoela ziurtatzeko: nork jo behar du saio bakoitzean, norekin jarri behar naiz harremanetan, gogoratu eskoletako saioa ordu biak eta erditan hasten dela, santuak elizara heldu orduko han egon behar zarete… Urtero kontu berberak aipatzen zizkigun, ia orain guztiarekin gogoratzeko gai garen.

Azken ehun urtietan holan iñ dok!!!

Tradizioa hitz potoloa da, batez ere norbere tradizioari buruz hitz egiten ari garenean. Txutxinek oso gogor heldu zion Korpus dantzen tradizioari, baina jakin izan zuen garai berrietara moldatzen.

Hainbat eztabaida izan nituen nik berarekin gauzak egiteko era ezberdinen inguruan eta asko ikasi nuen horri esker. Gazteak garenean aurrekoek egin dutenari balioa kentzen diogu, gure egiteko erak askoz hobeak direlakoan gaude; denborarekin aldiz gauzak horrela egin badira, horretarako arrazoiak egon direlako dela ikasten dugu, aldatu daitezke, bai, baina arrazoiak behar dira horretarako.

Txutxinek garai berrietara egokitzeko izan duen gaitasuna aipatzean jende gehienak 2018an Korpuzti egunez lehenengo aldiz neskak dantzan irten zirela izango dute buruan. Mugarri garrantzitsua izan zen, dudarik gabe, eta badakit Txutxinek berak parte hartze garrantzitsua izan zuela prozesu horretan. Bide batez, oso ondo gauzatu zen prozesua izan zela esan beharra daukat. Hala ere, badira beste hainbat adibide egokitzeko gaitasun hori erakutsi digutenak urteetan zehar, zarata askorik egin gabe aurrera eraman direnak.

 Korpus eguneko soka dantza (2023-06-11)

Gu be ez gatzak betirako eta…

Inor konturatuko zen lerro hauetan guztietan ez dudala behin ere aipatu Txutxinek dantza egin izana. Ni txistua jotzen hasi nintzenean dantzan aritzen zen bera, baina berarekin izan dudan harremanik handiena transmisioari dagozkion ekintzetan izan da. Dantzatu zuen bai, baina irakatsi zuen, mantendu zuen eta lagundu zuen. Ezagutza handia zeukan buruan eta horretaz kontziente izanda, elkar banatu egin zuen ezagutza hori, baita idatzita utzi ere. Gaur egun, Oñatin badago zorionez bere inguruan aritu den taldetxo bat ezagutza horretatik guztitik edan duena eta horien artean, maila apalean, ni neu ere banagoela iruditzen zait. Eta guk ere ondorengo belaunaldiekin Txutxinek dagoeneko soberan ordaindu duen zorra daukagula iruditzen zait. Azken egun hauetan jaso dudan mezu batean esaten zidaten bezala: “Maisu zintzo eta jatorra joan zaizue. Oroimenean ongi gordetzea eta haren ildotik jarraitzea dagokizue orain.”

(1) Kontuan izan orain dela gutxi arte mutilek bakarrik dantzatu izan dituztela Oñatiko Korpus dantzak.

(2) Makina bat orrialde bete ditu azalpen zehatzekin Jose Ignazio Ansorena Minerrek honi buruz.

No hay comentarios:

Publicar un comentario