GOIENA. GOIENA.
Handia egin du Malen Osak: bigarren gelditu da Zegama-Aizkorri mendi-maratoian
taldeko 21 urteko oñatiarrak lehen aldiz parte hartu du proba entzutetsuan, eta atzetik aurrerako lasterketa egin du, aurkariei poliki-poliki aurrea hartuta. Sylvia Nordskar norbegiarrak bakarrik lortu du Osa baino azkarrago iristea helmugara. Gizonezkoetan debagoiendar azkarrena Xabier Lete izan da.
Mendi maratoirik egin gabea zen orain arte Malen Osa. Hala ere, podiumera igotzeko pronostikoetan sartu dute askok, egiten dabilen denboraldia ikusita. Aratzen, 16. kilometroan, bederatzigarrena zihoan. Sancti Spiritus-era heldu orduko laugarrena zen, eta postu horretan mantendu da Aizkorri eta Aketegiko gainetan. Kolpea Oltzera arteko tramuan jo du, aurretik zeuzkan Marta Martinez eta Lide Urrestarazu aurreratuta. Hala, Urbiatik Zegamara arteko 13,5 kilometroak bakarrik egin ditu, nahiz eta oso gertutik jarraitzen zieten bi lasterkari horiek eta Theres Leboeuf-ek. Helmugara 4 ordu, 35 minutu eta 20 segundotan iritsi da, Sylvia Nordskar norbegiarra baino 6 minutu inguru beranduago. Erreskadan heldu dira Marta Martinez, Theres Leboeuf eta Lide Urrestarazu, bi minutuko tartean. Osa eta hiru emakume hauen arteko lehia izan da aurtengo Zegama-Aizkorriko unerik zirraragarriena.
Osak emozionatuta zeharkatu du helmuga eta zuzeneko emankizunean elkarrizketatu dutenean irakurketa hau plazaratu du: "Sekulakoa izan da, ez nuen espero hala ibiltzerik. Pribilegiatua sentitzen naiz guzti hau bizita, afizio paregabea, nire izena entzun dut ia uneoro. Sancti Spiritun ikusten nituen aurreko biak eta kresterioan, nire konfort eremuan, aurreratu egin ditut, agian azkarregi. Familiari dedikatzen diot, haiek dakite ondo zelakoa den nire egunerokoa".
Ainara Urrutia aretxabaletarrak ere maratoi txukuna burutu du, 15. sailkatu baita (4:53:29).
Gaurko balentriaren ostean, Oihana Kortazar (2012an txapeldun, 2015ean brontzea) eta Rosa Lasagabasterrekin (2002an txapeldun) batera, Malen Osa da Zegama-Aizkorriko podiumera igo den hirugarren emakumezko debagoiendarra.
Lehengo lepotik burua
Gizonezkoetan lehen sailkatuak, Kilian Jornet faboritoak, alde handia atera die hurrengoei. Bazirudien errekorra ontzeko gai izango zela, lasterketaren tramu askotan baitzebilen Jornetek berak duela bi urte ezarritako denboren gainetik. Hala ere, azkenerako 3:38:08an gelditu du kronoa, 2022an baino minutu bat gorago. Podiumean lagundu diote, 8 minutu beranduago iritsita, Elhousine Elazzaoui-k eta Bartlomiej Przedwojeski-k.
Debagoiendarrik bizkorrena beste oñatiar bat, Xabier Lete izan da. Sailkapen orokorrean 44. bukatu du (4:16:35). Lau arrasatearrek bukatu dute proba: Ander Nafarratek (4:32:41) Aritz Kortabarriak (4:48:03) Iker Agirreurretak (6:05:26) eta Gorka Caballerok (6:45:44). Eta hiru bergararrek: Andoni Gomezek (4:39:12), Ander Uriartek (5:04:02) eta Jose Mari Anduagak (7:07:09).
Gazteen lasterketa
Junior kategoriako lasterketa ere egin dute, nagusiena baino beranduxeago. 16-20 urte artekoek hartu dute parte aurten 10,4 kilometroko ibilbidean. Nesketan, Alazne Lozano Etxaniz elgetarra 11. geratu da (1:03:09), eta Eider Trujillo Aguilar arrasatearra 32. postuan (1:28:16). Mutiletan, beste elgetar bat izan da debagoiendar azkarrena, 27. sailkatu den Urko Lozano Etxaniz (00:49:52); Julen Azkarate Quintana Aretxabaletakoa, ostera, 74. helmugaratu da (00:58:10).
Herenegun, kilometro bertikala
Ostiral arratsaldean, bestalde, 3km eta 1.015 metroko desnibel positiboko lasterketan aritu ziren debagoiendar ugari. Bailarakoetan bizkorrenak Aritz Unamuno bergararra eta Iñigo Alzola arrasatearra izan ziren (0:38:07), 6. eta 7. postuetan batera helmugaratuta. Gizonezkoetan parte hartu zuten baita ere Iñaki Hormaetxeak (50:09), Mikel Urrutiak (0:47:00), Joseba Molinerok (0:48:21), Aitor Beitiak (0:53:56), Eleder Lozanok (0:47:53) eta Alfonso Tesorok (1:16:58).
Emakumezkoetan, aipatzekoa Garazi Abasolo eta Maite Zabaletaren lasterketa. Aretxabaletarrak 10. eta 11. helmugaratu ziren; 48 minutu eta 48 segundoan Abasolo eta 49 minutu eta 16 segundoan Zabaletan. Haien beste herrikide bat, Ane Alonso, 23. izan zen (0:56:15). Ainara Uribarri oñatiarra 14. sailkatu zen (0:50:33).
Gazteen kategorian distantzia bera korritu zuten, baina desnibel gutxiagorekin. Elgetarren artean harrobi emankorra dagoela ikusi zen, izan ere, mutiletan bigarren egin zuen Unax Agirrek (0:38:25), bosgarren Urko Lozanok (0:41:00) eta zazpigarren Martin Egizabalek (0:41:14). Nesketan ere maila ona erakutsi zuen Alazne Lozanok, laugarren sailkatuta (0:52:50).
No hay comentarios:
Publicar un comentario