Buscar este blog

jueves, 23 de mayo de 2024

TXINPARTA BERTSO ESKOLAKO LAU KIDE ARITUKO DIRA GIPUZKOA BERTSOTAN-EKO BIGARREN ITZULIAN.

 2024/05/20.



Udazkenean jokatuko den Gipuzkoako Bertsolari Txapelketarako 34 txartel daude jokoan

  Lehenengo itzuliko 48 bertsolari arituko dira asteburuan hasiko den sailkapen faseko bigarren itzulian eta horietako lau Txinparta Bertso eskolako kide dira: Maider eta Urko Arregi, Urko Egaña eta Aitor Tatiegi. Puntuazioaren araberako sailkapena lortu dute eta helburua, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan parte hartzeko aukera emango duten 34 txarteletako bat lortzea izango dute. Horretarako, dagokien saioan ahalik eta puntu gehien batu beharko dituzte, berriro.

  Lehen itzuliari amaiera eman zion saioa Oñatin, Santa Ana aretoan jokatu zen, ostiralean, eta orduan argitu zen aipatu lau oñatiarrak biltzen dituen B multzoan aurrera egingo zuten bertsolarien zerrenda. Orain, bigarren itzulia, datozen bi asteburu hauetan jokatuko da, larunbat eta igandetan, eta eguneko bina saio eginda, zortzi, guztira.

  Maider Arregik eta Aitor Tatiegik bat egingo dute berriro Usurbilen jokatuko den saioan. Lehen itzulian ere Gabirian aritu ziren Maider Arregi, Aitor Tatiegi eta Urko Egaña. Lehen itzuli honetan, eta oñatiarren artean puntu gehien lortu duten bi bertsolarien hurrengo saioa, datorren igandean, maiatzaren 26an izango da, Usurbilgo Sutegi aretoan. Hurrengo larunbatean, ekainaren 1ean, Urko Arregi, Elgetako Espaloia kafe antzokian arituko da eta Urko Egaña berriz, bigarren itzuliko azken saioan kantatuko du, ekainaren 2an, Hernanin.

  Bigarren itzuli honetako saio guztiak 17:00etan hasiko dira eta sarrerak dagoeneko salgai daude, bertsosarrerak.eus atarian, 7 eurotan.

Iturria: Oñati Irratia

No hay comentarios:

Publicar un comentario