Buscar este blog

domingo, 16 de agosto de 2020

Danel Casaisen erakustaldia Villatuertako lasterketan..(2020)

 goiena


Danel Casaisen erakustaldia Villatuertako lasterketan
Danel Casais, Villatuertako helmugan, pozik. Argazkia, @ Martin Early

Lasterketa hasieratik hainbat ihesalditan parte hartu ostean, azken 32 kilometroak bakarrik egin zituen ziklista oñatiarrak. Mendiko Saria eta lehenengo urteko junior onenaren sariak ere irabazi zituen Ulma taldeko txirrindulariak.

73 kilometrokoa zen Villatuertako (Nafarroa) proba, eta 93 ziklistek hartu zuten irteera. Bigarren kilometroak lehen ihesaldi saiakera egin zuen Danel Casaisek beste txirrindulari batekin. Ez diren ados ipini, eta tropelak irentsi zituen, biak ala biak. Eguneko lehen mendatea igo eta jaitsi ostean, seikote batek 30 segundoko abantaila hartu zuen lasterketa buruan. Hori ikusita, Casaisek erasoa jo zuen, aurreko taldea harrapatzeko asmoz. "Zazpiak elkartu ginenean, ondo antolatu genuen ihesaldia, eta minutu eta erdiko abantaila lortu genuen, 20 kilometroko ihesaldian", esan du.

Indarrez ondo zegoela ohartuta, erronka handiago baten bila joatea erabaki zuen: lasterketa irabaztea. Hala, berriro erritmoa aldatu, eta 41. kilometroan erasoa jo, eta ihesaldiko lagunak atzean utzi zituen. 32 kilometroko ihesaldia egin zuen, bakarrik, eta garaile sartu zen Villatuertako helmugan. "Polita eta gogorra izan da, aldi berean. Pozik nago. Gustura", esan du Casaisek.

Are gehiago, uztail bukaeran izandako istripuaren ostean. "Auto batek harrapatu ninduen uztailaren 25ean. Nire aurretik zihoan autoa bat batean geratu zen, eta hura kolpatu ostean, hegazka irten nintzen auto gainetik. Kolpeak besterik ez ziren izan, baina amorru handia sentitu nuen, gidariak ihes egin zuelako", dio. Istripu haren erruz ezin izan zuen parte hartu Besayako Nazioarteko Itzulian. "Europa mailan egiten den junior mailako lasterketa garrantzitsuenetarikoa da, eta Banco Santander taldearekin parte hartu behar nuen. Istripuak pikutara bidali zuen aukera".

No hay comentarios:

Publicar un comentario