Buscar este blog

lunes, 22 de junio de 2020

Herribusa Usakora iritsiko da aurrerantzean, bainu denboraldiarekin bat eginez.

2020/06/22.

16:00tan eta 19:30tan Ugarkaldetik irteten diren autobusak Usakoraino iritsiko dira
  Herribusa Usakora egunean birritan joango da gaurtik eta uztailaren 31ra arte eta abuztuaren 24tik irailaren 12ra arte, beti ere astelehenetik ostiralera. Tartean, abuztuko lehen hiru asteetan, Herribusaren zerbitzua  murriztu egingo da, urtero bezala, eta ondorioz, Usakorako zerbitzu luzapena ez da eskainiko. Herribusaren zerbitzu berezi hau Usakoko bainu denboraldiarekin bat eginda eskainiko da. Izan ere, Usakon gaur bertan hasiko baita bainu denboraldia, pasa den astean aurreratu genizuenez.
  Covid-19ak baldintzatutako uda honetan bi sorosle eta zaintzaile-hezitzaile bat izango dira Usakon. Gainera, seinalitika berezia jarri da Covid-19a prebenitzako gomendio higieniko-sanitarioekin. Ia jakinekoak diren eskuak sarritan garbitu eta desinfektatzea, gutxieneko 2 metroko tartea gordetzea eta segurtasun tarte hori mantendu ezin denean maskara erabiltzeko gomendioa jasotzen dira seinale berrietan. Taldeak, gehienez, 15 lagunekoak izan beharko direla; toalla ez partekatu eta etxera bueltan toalla eta bainujantzia garbitzea; dutxak banaka erabiltzea; haurrek prebentzio neurriak bete ditzaten zaintzea; guneaz denok gozatu dezagun egonaldi laburragoak antolatzea eta salbamendu eta sorospen zerbitzuen jarraibideak eta gomendioak errespetatzea bereziki eskatzen da. Hori, aurten bizi dugun egoerak hala eraginda propio egin diren seinale berrietan zehazten dena.
  Ohiko seinaleetan, eta aurten ere jarri diren arau orokorretan beste gomendio eta debeku batzuk jaso dira: gainerako erabiltzaileak eta ingurunea errespetatzea; aisialdi-gunea, erreka eta bideak ez zikintzea; txakurrak lotuta eramatea, arriskutsu gisa katalogatutakoak muturrekoa jarrita ere eramatea eta noski, bainu putzuan ez sartzea eskatzen da. Gainera, sua egitea, kanpin dendak jartzea, ehizan edo arrantzan egitea, motodun ibilgailuak aisialdi-gunean erabiltzea eta bizikletak bainu putzura eta belardira sartzea debekatuta dagoela ere zehazten da seinaleetan.
  Aipatu neurri eta arau horiek guztiak betetzen direla bermatzeko bi sorosle eta zaintzaile-hezitzaile bat izango da aurten Usakon, eta noski, udaltzainak eta ertzainak ere inguruan ibiliko dira zaintza protokolo berezi bat jarraituz. Gaur hasten den bainu denboraldia irailaren 13ra arte luzatuko da.
Iturria: Oñati Irratia

No hay comentarios:

Publicar un comentario