Bilboko Arkeologia museoan ikusgai jarriko dute otsailaren 28tik aurrera
(Arg: Oskar Moreno) |
Urtea beteko da laster Arrikrutzeko lehoiaren hezurdura Irungo Gordailutik atera eta batetik bestera dabilenetik; iazko martxoan Burgosko Giza Eboluzioaren museoan ikusgai jarri zuten, handik Donostiako San Telmo museora ekarri zen azaroan eta otsailaren 10era arte egon da eta otsailaren 28tik aurrera berriz, Bilboko Arkeologia museoan ikusgai jarriko da, uztaila erdialdera arte.
Bilboko Arkeologia museoak antolatzen dituen erakusketak, tailer eta bisitez osatzeko ohitura du eta jakin badakigu, Oñatira, Arrikrutzera bisita egiteko asmotan dabiltzala, lehoia non topatu zen bertatik bertara ikusi ahal izateko. Eguna ez da finkatu oraindik baina ekaina erdialdean izan daiteke. Kobako arduradunekin ari dira bisita eguna eta orduen aukerak lotzen.
Ordurako jada, lehoiaren buru-hezurraren erreplika Arrikrutzen egongo da. Gogoratu, udalak lehoiaren kaskezurraren erreplika ekarriko duela, foru aldundiaren eskaintza onartuta. Alfa Arte enpresa ari da erreplika egiten eta lanak oso aurreratuta dituzte. Laster beraz, Arrikrutzeko lehoiaren kaskezurraren erreplika koban izango dute. Buru-hezur erreplikak erabilpen aukera ugari eskainiko dizkie Arrikrutzeko hezitzaile-gidariei, bai bisita arruntetan, baina bereziki, eskoletako ikasleei zuzenduta egiten diren bisita berezietan, azalpenak modu grafikoagoan emateko bidea emango baitie.
Iturria: Oñati Irratia
No hay comentarios:
Publicar un comentario