Futbol edo saskibaloirako espazio txiki bat egokituko da eta ping-pong mahaia ere jarriko da
Garai enpresa aldameneko haur parkea birmoldatzeko erabakia hartu du udalak, inguruko bizilagunen eskaera gogoan hartuta. Egun dagoen jolas-parke txikia guztiz berrituko da eta jolas anitzeko espazio berria egokituko da. Zorua gainera, guztiz berrituko da eta belar artifiziala jarriko da parke osoan. Ondorioz, jolas parke berria egokitzeko lanak hasi aurretik, lurra kendu eta hormigoizko zoladura egin beharko da.
Bidegorriaren lurrazpiko pasabidearen gainalderantz luzatuko da Garai ondoko jolas parkea. Sarreran haur parke berria egokituko da eta ziburuak eta txirrista eta malguki bana kokatuko dira eta ping-pong mahaia ere bai. Horien segidan berriz, gunearen barrualderantz, 20 X 8 metroko tamaina duen jolas anitzeko espazioa eratuko da. Futbolerako 2 ate eta saskibaloirako 2 saski izango dituen espazio berria itxitura batez inguratuko da. Antzerako jolas anitzeko espazioa egokitu zen postetxe atzealdean orain urte batzuk dela.
Garai ondoko jolas parkearen birmoldatze lan hauek lizitazio prozesuan daude. Interesa duten enpresek irailaren 14ra arteko epea dute proposamenak udal bulegoetan aurkezteko. Lanak sei astetan egin beharko dira eta lizitazio aurrekontua 46.700 euro da. Eskaintza ekonomikoak pisu handia izango du esleipenean, eskuratu ahal izango diren 100 puntutik 70 prezioaren arabera banatuko baitira. Berme eta mantenu proposamenak beste 10 puntuz eta memoria teknikoa 20 puntuz baloratuko dira.
Iturria: Oñati Irratia
No hay comentarios:
Publicar un comentario