Etorkizuneko Oñati denon artean osatu nahi du udalak
Hiri Antolamenduko Plan Orokorra Diagnostiko fasean dago eta herritarren parte hartzerako bi ekintza antolatu dira iraila eta urrian
Plan Orokorraren idazketa prozesuan herritarren parte hartzea barneratzea ezinbestekotzat jotzen du udalak. Une puntualetan herritarren partaidetza legez babesten da baina udalak haratago joan nahi du prozesu osoan zehar ziurtatzeko. Herritarrak girotzeko Oñati Dana Zana ekimena gauzatu zen pasa den udazkenean, ustez teknikoak diren hirigintza bezalako kontzeptuak guztion eskura jarriz eta hiria antolatzeko arloan guztiok zer-esana badugula ulertaraziz. Norabide berean jarraitu nahi da Plan Orokorraren idazketa prozesu osoan.
Lurzoruaren legearen aginduz, 7.000 biztanletik gorako udalerrietan Udal Plangintzarako Aholku Kontseilua deritzona osatu behar da. Oñatin dagoeneko eratu da, 25 lagunek osatzen dute. Baina gainontzeko herritarren parte-hartzea ere sustatuko da Oñati denon artean prozesua abiatuz. Martxan den Diagnosi fase honetan herritarren ekarpenak jasotzeko bi ekimen antolatu dira, irailaren 24 eta urriaren 17 eta 18rako. Udaleko web atarian ere ekarpenak egin eta prozesuaren jarraipenerako bitartekoak aktibatuko dira.
Irailaren 24an, prozesua aurkezteko eta lehen ekarpenak jasotzeko bilera irekia egingo da Euskaldun berria gelan. Aholku Kontseiluko kideak, herriko elkarte eta antolatutako taldeak nahiz banakako herritarrak gonbidatzen dira. Ariketa arin eta dinamikoak egingo dira herritarren parte hartzea errazteko. Urriaren 17 eta 18an berriz, karpa ireki bat jarriko da plazan eta hurbiltzen diren herritarren ekarpenak ere jasoko dira.
Hiri antolamendurako Plan Orokorra idazteko prozesua luzea izango da, hiruzpalau urtekoa. SABAI arkitektoak enpresa arduratuko da dokumentua idazteaz baina herritarren iritzi eta proposamenak txertatzeko bide ezberdinak jorratuko dira.
Iturria: Oñati Irratia
No hay comentarios:
Publicar un comentario