Buscar este blog

martes, 25 de septiembre de 2018

Jose Luis Lazkanoiturburu oñatiarrari kalea eskaini diote Valentzian.

Jose Luis Lazkanoiturburu oñatiarrari kalea eskaini diote Manisesen


Oñatiko Jose Luis Lazkanoiturburu agustindarrak kalea du Valentziako Manises herrian atzotik. Iazko martxoan hil zen baina oso gogoan dute oraindik, eta egindako lanagatik eskertu egin gura izan dute. Oñatitik hamar laguneko taldea joan zen hara, besteak beste, senideak, Udal ordezkariak, txistulariak eta dantzariak.
Oñatiko udalbatzak mozio bidez onartu zuen Manisesetik jasotako gonbidapena, eta han izan ziren atzo.

Oñatiarra estimatua zen seinale jendetza elkartu zen omenaldi ekitaldian
 

Oñatiko Udaleko bi talde politikoak bat etorri ziren Jose Luis Lazkanoiturburu eta bere taldekideek eginiko lanaren alderdi soziala goraipatzerakoan. Eta ados agertu ziren haren ekinbide soziala eta humanitarioa oñatiarrei azaltzeak daukan garrantziaz.
Hala, hona hemen jaso duten Lazkanoiturbururen biografia.
"Jose Luis Lazkanoiturburu agustinoak 40 urtetik gora eman zituen Manisesen, behar handiena zuten bizilagunei laguntzen eta justizia sozialaren alde lanean.
Lazkanoiturburu Oñatin jaio zen, 1929ko abuztuaren 20an. 1968 arte Oñatiko Seminarioko arduradun eta hezitzaile izan zen; aurrez, zenbait ikastetxe eta formazio-zentrotan ibili zen, Euskal Herrian nahiz atzerrian.
1968an, bizitza aldatzeko erabakia hartu zuen. Antonio Garai eta Angel Elorzarekin batera, Alacant eta Valentzia aldera joan zen, seminarioan egiten zuten horri alternatiba bilatu nahian. Barrio del Cristo auzoan jarri zen bizitzen, eta eraikuntzan jardun zuen peoi-lanetan "behartsuen elizaren" aldeko hautua praktikara eramanez.
1970etik 1975era, Manises herrian bizi izan zen. Carmen auzoan komunitate bat sortu zuten eta iraulki- kamioi batekin Maniseseko eraikuntza eta lantegietako hondakinak jasotzen lan egin zuen Jose Luisek. Orduan, erabat murgildu zen Auzo Elkarteen mugimenduan eta Asociaciones de Cabezas de Familias izenekoetan aktiboki parte hartu zuen. Elkarte horiek garrantzi handi izan zuten auzune horietako langile mugimenduaren garapenean.
1996an, San Francisco auzotik Barrio del Pastorera lekualdatu zen bere lagun Antoniorekin, eta eraikuntzako peoi-lanetara itzuli zen. Aldi berean, beste lagun batzuekin batera, Mision Obrera izenekoan ere parte hartu zuen. Auzotarren mugimendu eta aldarrikapen ekintza askoren buruan egon zen. San Jeronimo eta San Francisco auzoetan dispentsario eta botikinak zabaldu zituzten, ekonomatoak, haurtzaindegiak, joskintza tailerrak eta helduentzako eskolak; San Francisco auzoan munta handiko bi ekimen egin zituzten: lursailak erosi eta haurtzaindegia eta auzo elkartea eraiki. Larunbat gorri izenekoak auzotarren eta lagunen arteko batasunaren adibide argia izan ziren, zeinetan, jakina, "auzoko apaizek" parte hartzen zuten. Horrez gain, Salt del Moro kalean erositako orube batzuetan Etxebizitza Kooperatiba bat sortzeko tramiteak hasi zituzten.
1981etik 1990era, El Rastrell ekimenaren arduradun izan zen Jose Luis. Lana aurkitzeko zailtasunak zituztenei lan aukerak eskaintzea zen ekimenaren helburua. Horretan ibili zen, beste hainbat herri mugimenduetan parte hartzeaz gain, erretiroa hartu zuen arte.
1990etik 2009ra bitartean ere, Manises eta eskualdeko politikagintzan oso aktibo ibili zen hainbat plataformatan parte hartuz: Xarxa de Comunidades Cristianas Populares, Els rectors dels dissabtes gogoeta taldeak, Semaforo Rojo, kale okupazioak Zapadores-eko CIE Atzerritarrak Barneratzeko Zentroaren aurrean, Metroaren elkarretaratzeak Virgen plazan, Maniseseko metroaren plataforma,
zarataren plataforma, 15M eta aberastasunaren banaketa hobea eta ekitatiboa aldarrikatzeko egiten zen beste edozein manifestazio eta elkarretaratze. 2003. urtean Lluna Plena saria eman zion Video Lluna Elkarteak, behartsuenen bizi baldintzak hobetzeko izan zuen ibilbideagatik.
Erretiroa hartu ondoren ere, inguruan zituenekin elkarbizitzan bizi izan zen. Parrokietako lanetan eta auzotarren aldarrikapen sozialetan laguntzen jarraitu zuen. San Francisco Auzo Elkartearen zuzendaritza batzordeko kide eta Fundación Movimiento Ciudadano-ko patrono izaten jarraitu zuen, eta Casal de la Pau elkartera joaten zen.
2013an, Maniseseko Esquerra Unida alderdiaren 17 de Abril saria jaso zuen Antonio Garairekin batera, bizi osoan herrikideen eta justizia sozialaren alde egindako borrokagatik.
2016ko uztailean, San Jeronimo elizako parroko izateari utzi zion infekzio batek hala behartuta erritmoa gutxitu behar izan zuen eta.
2017ko otsailean, Antonio Garai lagunarekin batera, Udalak Maniseseko Ohorezko Hiritar izendatu zuen, herriaren eta herritarren alde egindako lanagatik.
2017ko martxoaren 3an hil zen gaixotasunari aurre egin ezinik, haren ondorioz azken hilabeteetan gero eta makalago baitzegoen. Hurrengo egunean ehunka lagunek agurtu zuten San Francisco parrokian. Ondoren, jaioterrira eraman zuten, Oñatira, eta bertan lurperatua izan zen".

No hay comentarios:

Publicar un comentario