Hor Konpon musika taldeak agur esango die bihar agertokiei
2018-06-22 15:11 KULTURA OÑATI
Bihar, zapatua, Donostiako Doka Kafe Antzokian egingo dute azken kontzertua, Lenao eta Jabi Zolarekin batera.
Oñatiko Kilometroak 2017ko bideokliparen aurkezpen ekitaldiaren aitzakian, taula gainera bueltatu ziren Hor Konpon taldeko kideak –Xabier Yaniz, Andoni Kanpos, Oskar Arlanzon eta Koldo Lizarralde–, 21 urtez agertokirik zapaldu barik egon ostean. Abesti bat jo zuten ekitaldi hartan, eta gehiagoren gogoz gelditu ziren. Orduan, lau kontzertuz osatu den bira bat hasteko konpromisoa hartu zuten. Bihar Donostiako Doka Kafe Antzokian 20:00etan hasiko duten kontzertuarekin agur esango diete agertokiei, betiko. Urte honetan bizi izandakoaren zapore gozoa gelditu zaie, eta nostalgia barik doaz, "uzteko momentua" dela iritzita. "Oso polita izan da, asko disfrutatu dugu, eta, nolabait, lehengo garaiak berriz bizi ahal izan ditugu. Gugatik itzuli ginen kontzertu hauek egitera, gugatik eta maite gaituztenengatik. Seme-alabak aurrean ikustea oso berezia izan da", dio taldeko abeslari Xabier Yanizek, urte honetako esperientziaz galdetuta.
Urte honetan zehar, gauzak nola aldatu diren ikusteko aukera izan dutela nabarmendu dute taldekideek. "Alde batetik, onerako, gaur egun dagoen aniztasuna gure garaikoa baino askoz handiagoa baita". Baina horrek badu bere alde txarra, Yanizen esanetan: "Eskaintza oso zabala da, eta jotzeko aukerak asko zaildu dira".
Agur kontzertua, bihar
Hor Konponeko taldekideek Dokako agertokia elkarbanatuko dute bihar Lenao talde oñatiarrarekin eta Jabi Zola bakarlari donostiarrarekin batera. Jabi Zolak, bidea hasten ari den musikariak, emango dio hasiera kontzertuari. Bukatu, Hor Konponen emanaldiarekin bukatuko da. Oñatiko Lenao taldeak osatuko du egitaraua.
No hay comentarios:
Publicar un comentario