Buscar este blog

jueves, 2 de marzo de 2017

Estreinaldi ona egin dute Oñatiko ziklistek.

ok magazinea
2017-03-02 17:31:57
PASADEN ASTEBURUAN HASI ZUTEN DENBORALDIA ZUMAIAN
Estreinaldi ona egin dute Oñatiko ziklistek, afizionatu mailan
Oñatiko herriak hiru ziklista izango ditu aurten afizionatu mailan. Julen Umerezek bigarren urtea osatuko du kategorian eta Ekaitz Txintxurreta eta Xabi Murgiondo, aurten hasi dira. Umerez ebakuntza batetik errekuperatzen ari da baina beste biek, pasaden asteburuan hasi zuten denboraldia Zumaian. Maila oso onean aritu ziren eta estreinaldiaz eta bereziki, urtean zehar izango dituzten helburuetaz, hitz egin zuten astelehenean Oñati Irratian.

Txantxikuarrek ordezkaritza polita izango dute aurten, afizionatu mailako tropelean. Bi taldetan banatuta, herriko hiru ziklista ariko baitira profesional mailara iritsi aurreko azken kategoria zorrotzean. Julen Umerezek bigarren denboraldia osatuko du aurten Ampon eta momentuz, belauneko ebakuntza berri batetik errekuperatu nahian dabil: «Iazko egoera berdinean nago. Denboraldia beranduago hasi beharko dut. Urtebetean bi ebakuntza egin didate belaunean eta ea ba, oraingoan, ondo errekuperatzen naizen» zioen astelehenean Oñati Irratian.

Ekaitz Txintxurreta eta Xabi Murgiondoren kasua, oso bestelakoa da. Iaz gazte mailan sekulako denboraldia egin ostean, mailaz salto egiteko ordua iritsi zaie. Txintxurretak Eibarreko Debabarrena taldean korrituko du eta Murgiondo berriz, Umerezen taldekidea izango da Ampon. Azken honen kasuan, lau garaipen lortu zituen pasaden ikasturtean, baina oso garbi dauka, aurten, beste paper bat jokatu beharko duela. «Hau beste mundu bat da eta talde lana egitea egokituko zait. Kategoria ezagutu eta ikastearekin nahikoa lan izango dut» zioen. Txintxurretak ere antzerako helburuak ditu: «Nire helburua mailan korritzeko gai naizela ikustea da» gaineratu zuen.

Zumaian aurrean

Murgiondok duela aste batzuk egin zuen debuta Essor Basque lasterketa entzutetsuan. Orduko hartan baina, Euskal Selekzioaz korritu zuen eta maila oso altuko lasterketa izanik, debuta «gogorregia» egin zitzaiola onartu zuen asteleheneko solasaldian.

Egutegiko lehen lasterketa ofiziala baina, pasaden larunbatean izan zuten Zumaian eta biak ala biak, oso sentsazio onekin amaitu zuten 112 kilomteroko lasterketa. Garailearengatik 20 segundura helmugaratu ziren eta lana oso ondo egin bazuten ere, erritmo eta maila aldaketa igerri zutela onartu zuten.

Jon Odriozola ere, solasaldian

Astelehen arratsaldeko solasaldiak askorako eman zuen. Oñatiko hiru ziklistek kategorian egindako debutaz hitz egin bazuten ere, orokorrean, denboraldirako izango dituzten helburuetaz ere mintzatu ziren.

Saioaren bigarren zatian gainera, Euskadi Basque Country Murias taldeko zuzendariaren ikuspuntua ezagutu zuten. Odriozolaren taldea, amateur mailako ziklisten irtenbide bakarretariko bat da uneotan eta Odriozolak, «ziklismoaz gozatzeko, saiatzeko eta batez ere etengabe aurrera begiratzeko» gomendioa eman zien Oñatiko txirrindulari gazteei.

Elkarrizketa osoa entzun nahi izatera sakatu beheko podcastean:
Ekaitz Txintxurreta, Xabi Murgiondo eta Julen Umerez amateur mailako ziklistak. Argazkia: Goiena

No hay comentarios:

Publicar un comentario